EventsPierre Duhour hazpandar berriketariaLECTURE - HeritagePlace: Hazparne (Herriko etxea) Timing: 11:00
Euskal kultur erakundearen babesean eta Hazparneko kultur astearen barnean, Janbattitt Dirassar kazetariak mintzaldi bat eginen du "Pierre Duhour hazpandar berriketaria" aipatuz urriaren 11an, larunbat goizez, 11:00etan, Hazparneko Herriko Etxean. Pierre Duhour, Hazketa Xoriteako nagusi zena, berrogei urtez goiti berriketari jarraikia izan da "Eskualduna" eta bereziki "Herria" astekarietan. Aurten berrogei urte egiten baitu zendu zela, karia hortara, ontsa baino hobeki da, aipatua eta goretsia izan dadin. Beskoitzen sortua zen, 1890ean. Lehenik, laborari mutil egon zen eta gero mariñel 15 urtez. Ofizio horrek uzten zizkion lan-arte guziak baliatzen zituen irakurtzeko : ikasteaz eta argitzeaz ezin asea zen. Mariñengotik landa, beste ofizio batzu egin zituen eta azkenik Hazparneko « Sécurité sociale » bulegoa kudeatu zuen. Jadanik aipatu bi kazetez bestalde, Pierre Duhour idazten ari izan da "Gure Herria", "Almanaka", "Etchea" agerkarietan, halaber erdal kazeta batzuetan. Pierre Duhour zenaren biziaz eta obraz mintzatzeko, Janbattit Dirassar presuna egokia da. Sortzez hazpandarra, berrogeita hamar urte hauetan kazetetan izkiriatzen du, bai euskaraz, bai frantsesez, bere ofizioa kazetaritza baitu. Funtsean, hastapen hartan, Pierre Duhour ukan zuen laguntzaile eta akulatzaile. Bestalde, jakin behar da J.-B. Dirassar "Herria" astekariaren zuzendaria dela, bi libururen idazlea eta ohorezko euskaltzaina. Hitzaldia euskaraz iraganen da. DetailsHazparneko 7. aste kulturalaren barnean. |