(We apologize for not being able to present the contents in English for the moment. You can get the information in absence in one of the other languages available on the site. ). Language Issues

''Iparraldeko artistak'' errepertorioan agertzeko irizpideak

Euskal kultur erakundeak kudeatzen duen "Iparraldeko artistak" errepertoriak euskal kulturaren arloan ari diren Iparraldeko artisten eta arlo artistikoko laguntzaileen (kultura elkarteak, formatzaileak, enpresak, agenteak, hedatzaileak, ikusgarri gelak...) harreman-datuak biltzen ditu.

Bertan agertu nahi duen artistak edo eragileak galdea egin behar dio Euskal kultur erakundeari eta zonbait irizpide bete behar ditu.

Irizpide orokorrak: gaiaren egokitasuna eta lurraldetasuna

Onartzen dira errepertorioan:

  • Euskal kulturaren inguruan lan egiten duten artistak edota eragileak (elkarteak, enpresak, egiturak...).
    Azken kriterio honen zehazteko eta arlo artistiko ezberdinei egokitzeko zonbait irizpide tematiko definituak dira ere.
  • Iparraldean sortu edota bizi diren artistak eta alor artistikoko eragileak (Lapurdi, Nafarroa-Beherea, Zuberoa).
    Sartzen ahal dira ere errepertorioan, nahiz eta Iparraldean ez kokatuak izan, bertako artistengan eragin bat duten erakundeak eta egiturak baita ere Iparraldeko diasporako eragile artistikoak (Parise, Bordele, Tolosa...).

Irizpide tematikoak

1. Euskal kantua eta musika

Onartzen dira errepertorioan:

  • Euskaraz osoki edo artetan kantatzen duten bakarlariak eta taldeak;
  • Euskaraz kantatzen duten artisten edo taldeendako lanean ari diren konpositoreak;
  • Euskal Herriko ohiko musika tresnak jotzen dituzten musikariak;
  • Euskal ereslarien obrak ematen dituzten taldeak eta bakarlariak;
  • Euskal musika (ohiko soinu-tresnak…) eta kantua erakusten duten formatzaileak.

Aipatu jende guzti horien lanetan lagungarri diren arlo artistikoko eragileak sartzen ahal dira ere errepertorioan*.

2. Bertsolaritza

Onartzen dira errepertorioan:

  • Bertsolariak: plazako bertsolariak eta bertso-jartzaileak;
  • Bertsolaritzan adituak: gai-emaile, epaile, erakasle…

Aipatu jende guzti horien lanetan lagungarri diren arlo artistikoko eragileak sartzen ahal dira ere errepertorioan*.

3. Euskarazko literatura

Onartzen dira errepertorioan:
  • Ondoko generoetan euskaraz idazten duten idazleak: prosa, olerkia, antzerkia, ipuina.

Aipatu jende guzti horien lanetan lagungarri diren arlo artistikoko eragileak sartzen ahal dira ere errepertorioan*.

4. Euskarazko ipuina

Onartzen dira errepertorioan:

  • Euskarazko ipuinak, artetan edo beti, kondatzen dituzten kondalariak.

Aipatu jende horien lanetan lagungarri diren arlo artistikoko eragileak sartzen ahal dira ere errepertorioan*.


5. Euskarazko antzerkia

Onartzen dira errepertorioan:
  • Euskaraz osoki edo artetan ari diren antzerki taldeak eta antzerkilariak (txontxogilo generoa barne);
  • Euskarazko antzerkien taula-zuzendariak eta antzerki-erakasleak.

Aipatu jende guzti horien lanetan lagungarri diren arlo artistikoko eragileak sartzen ahal dira ere errepertorioan*.

6. Euskal dantza

Onartzen dira errepertorioan:
  • Euskal ohiko dantza ematen duten konpainiak eta taldeak;
  • Dantza garaikidea egiten duten taldeak eta konpainiak baldin eta euskal ohiko dantzaren inguruan gogoeta bat eramaten badute edo/eta ikusleen eta obren arteko euskarazko mediazio bat segurtatzen badute (komunikazioan, haurrekilako lanak…);
  • Koreografoak.

Aipatu jende guzti horien lanetan lagungarri diren arlo artistikoko eragileak sartzen ahal dira ere errepertorioan*.

7. Zirko arteak

Onartzen dira errepertorioan:

  • Euskarazko zirko emanaldiak, su-ziri emanaldiak eta orohar karrika-animazioak proposatzen dituzten artistak eta konpainiak. 
  • Euskaraz ari diren clown edo pailasoak

Aipatu jende horien lanetan lagungarri diren arlo artistikoko eragileak sartzen ahal dira ere errepertorioan*.

8. Arte bisualak

Arte bisualen arloan (marrazkigintza, argazkilaritza, bideogintza, margolaritza, arkitektura...) agertzen diren artisten hautatzeko orduan faktore ezberdinak hartzen dira kondutan.

  • Hobesten dira lehen-lehenik bisitarien eta artelanen arteko euskarazko mediazio bat (komunikazioan, bisita gidatuetan, haurrekilako lanetan…) segurtatzen duten artistak.
Kondutan hartzen direnak ere :
  • Estatutu profesionala duten artistak ("Maison des artistes" bezalako egitura batean kotisazioak ordaintzen dituztenak adibidez...).
  • Aktiboa diren artistak (erakusketa publikoak antolatzen dituztenak erregularki...) eta haien burua euskal artistatzat daukatenak (Euskal Herrian nahiz Euskal Herritik kanpo).

Hautua kriterio horien sintesia baten arabera egiten da, kasuz kasu.

Aipatu jende guzti horien lanetan lagungarri diren arlo artistikoko eragileak sartzen ahal dira ere errepertorioan*.

* Eragile horiek arlo artistikoko elkarteak (fundazioak, kultur zentroak, kultur elkarteak...), enpresa pribatuak (teknikariak, agenteak, argitaletxeak...), edo erakunde publikoak (herrietako kultur zerbitzuak, departamenduko, eskualdeko edo estatuko egiturak...) izan daitezke, besteak beste.

Eguneratze lanak eta betebeharrak

Kultur eragilea hornitzen dituen datuen erantzulea da. Hari beretik, bere fitxan agertzen ahal diren argazkien, irudien edota testuen argitaratzearen arduraduna da eta ondorioz berari dagokio material horri lotuak diren egileen eskubideak errespetatzea.

Errepertorioa ahal bezain gaurkotua atxikitzeko gisan Euskal kultur erakundeak argibide eskaerei ihardesten ez duten eragileak ken ditzake bere datu-basetik, beste inolako azalpenik gabe. Era berean EKE-k eragile bat atera lezake datu-basetik eragile hori ez bada gehiago definitu diren errepertorioaren kriterioetan sartzen. Kasu konkretu horretan eragileari jakinaraziko zaio aitzin ezabaketa horren berri.

Edozoin kasutan Euskal kultur erakundeak www.eke.org atariaren moderatzailea izanik datu batzuen osatzeko edo kentzeko ahalmena atxikitzen du.