Txomin EzpondaAuthor: Xabaltx | Date: 2009-03-24 | Interview language: Euskara ''Guretako Xalbador monumento bat zen''
Selected interview extractsTxomin Ezponda (Dominique Ezponda Lagan) Garazi aldeko Jatsu herrian sortu zen 1937an, laborari familia batean. Soldadogoa egin ondoan Algeriako gerla garaian, Bokalen hasi zen lanean garraiolari gisa 23 urte zituela. Bertsolaritzak ekarri zion famari esker saltzaile ofizio bat proposatua izan zitzaion eta erretiratu arte lan horretan ari izana da 28 urtez. Bere bertsulari ibilbidea Donibane Garazin hasi zuen 1955ean Fernando Aire "Xalbador" lagun zuela. 1983an Nafarroako bertsolari txapelketa irabazi zuen. Mattin, Xanpun, Alkhat eta Mendiboure bezalako bertsolariekin aritu da frangotan. Besta giroan oinarriturik, orduko bertso saioak jolasean eta umorean iragaiten ziren. Uste bazen ere, bertsulari belaunaldi horren ondotik, Iparraldeko bertsolaritza hilen zela, 1980. hamarkadan, bertso eskolen eraginez, transmizioa segurtatu da eta gaur egun bertsolaritzak, inoiz baino gehiago, arrakasta badu belaunaldi gazteetan. 2009ko ekainaren 6an iragan den Iparraldeko bertsulari gazteen XVI. xapelgoaren finala honen lekuko dugu. Txomin Ezpondak 2009ko martxoan eskaini digun elkarrizketa baten zatiak hautatu ditugu hemen. Lehen bertsoak XalbadorrekinBertsotan hasia nintzen 15-16 urtetan. Gure laborari etxetan, etxalde ttipietan, lanak auzoen artean eta elgar lagunduz egiten ziren, izan zadin arto biltze, arto xuritze, iratze mozte, ogi jotze, mahasti aitzurtze, 7-8 auzo biltzen ziren eta lan egiten zuten, janaren truk. Gero arratsetan, afariño bat bazen beti. Nun edo nor ni baino ainitz zaharragoa bazen, 50 urte, nik 15... Eta bazen Bernardo izeneko artzain bat afari ondoan beti bertsotan hasten zena. Konturatu nintzen gauza pollita zela. Ez zen orduan, nik hasteko ez nuen atxeman libururik, orain den bezeinbat, ez hurbiltzerik ere. Donibane Garazira ateratzen ginelarik, lagunen artean eta afariño batzutan, bertsotan aritzen ginen. Bizpahiru elgar atxemaiten ginen. Bistan da ez ginela ongi ari.
Orain eskolak eta maisuak badira, dena lagundua da. Guk behar ginuen bakarrik ateratu. Egun batez, dantzari nintzan, oroitzen naiz, Uharteko talde batean. Oraino ere bada hor dantzari taldea. Hartan ari nintzen eta libertimendu bazen Donibane Garazin, urtea ahantzia dut... 18 urte nintuen guti gorabehera, Xalbador eta Mattin jin beharrak ziren bertsotan aritzera. Gu dantzan eta horiek bertsotan... Orduko banuen bertsotan kantatzeko tira, lagunartean ari nintzen errexki. Mattin ezin izan zen etorri... bizikletaz ibilki, treinez eta ez dakit batere... ez zen Mattin Ahetzetik Donibanerat arribatu ahal izan. Xalbador bakarrik zen delako libertimendu hartan eta taulen gainera igan zelarik, agurrak, denak egin zituen behar zen bezala. Halako memento batez, galdatu zuen ea nun edo nor ba ote zen bertsotan laguntzeko. Bakarrik delarik tonto baita bertsolaria... Lagunek eta dantza lagunek orduan : "Hi, hain trebe gure artean, egiten baitituk balentriak ! Orain duk mementoa." Oroitzen naiz, besotan hartu eta altxatu ninduten Xalbadorri erranez "Hunek badaki, hunek badaki!". Taulen gainera igo eta haizeak larrazkeneko ostoak dardarazten dituen bezala, hantxe nire Xalbador agurturik, jendeari ere agurrak eginik, 10 minutaren buruan Xalbadorrek baino esku zarta gehiago bildu nintuen gaztea nintzelakotz. Xalbadorrekin berriz ere buruz buru
24-25 urte nituela, Maite Barnetche entzun nuen Radio-Adour irratian. Igande guziz galdetzen zuen bertsolaririk bazenetz edo. Gai bat ematen zuen, oroitzen naiz, oilo salda gaiarekin hasi nintzen. Behar ziren 3-4 bertso eskribatu eta bidali Radio-Adour-i. Josteta bezala hartu nuen. Xintxo-xintxo jostatu nintzen uda batez igandetan nire bertsuak igorriz : berek kantatzen zituzten ondoko igandean. Uda finitzean, buruilan, gutun bat ukaiten dut gomitarekin. Baizik eta Beskoitzen, Otxalderen heriotzearen 100. urtemugakari oroitarri bat ezartzen zutela herriko etxearen paretan, karia hortara Iparraldeko bertsolari guziak gomitatuak zirela bazkaltzera eta ni ere haiekin. Kontent joan nintzen nire gutuna sakelan. Mezatik hasten zen eta mezan ikusi nintuen : Mattin hor duk, Xanpun hor duk, Errexil ere hor zen, Zubikoa, Aintziart, heletar bertsolari bat... Hilak dira denak. Bazkaldu ginuen.
Nik Maite Barnetche ezagutzen nuen baina ez ninduen berak ezagutzen. Hurbiltzen naiz eta "Barkatu, badut gutun bat sakelan zuek bidalia..." "Ahh ! Zu zira delako hura, zaude istant bat". Orduko Euskaltzaleen Biltzarreko lehendakaria, Labeguerie Mixel zen. Labeguerie Mixel deputatua, zenatur eta ez dakit zer. Hura zen egun hartako gidari. Gai emaile. Bera kantaria zen, gitarra ongi jotzen zuen. Presentatzen nau Labeguerie-ri "hau da aipatu nauzuna, gomitatzen ginuela, gaztea, batto bederen." Labeguerie hasten da "ideia pollita bat heldu zaut burura. Orain bada herriko etxearen paretan harri bat euskal ikurriñarekin. Soka bat tiratu eta Xalbadorrekin agurtu behar duzue". Xalbador urrunago zen, jende batzuen artean, Labegueriek dio Xalbadorri "Zato, zato !". Xalbadorrek ezagutzen ninduen eta erran zautan "Guk lehenago ere kantatu dugu. Hasiko zira eta nik gero segituko dut". Lehen agurra egin nuen. Bertsolari gazte gutti zen, eta euskara ere galtzen ari. Orain baino makurrago izana da euskal hizkuntza, lan ainitz egiten baituzue. Ikusten zuten... eta kantatzen... Xalbador eta Mattinen ondotik ez zela segidarik. Badira nunbait kantu horiek. Uroski tronpatu dira. Egun hartan, bazkaldu eta, badakizu aperitifaren ondotik pixka bat konfiantxan sartu eta arratsaldean ere kantarazi ninduten besteekilan taulen gainean. Xalbador, Mattin, Xanpunekin gostura24-25 urtetan, Mixel Labegueriek taula gainean eman eta geroztik ez naiz gelditu. Geroztik beti galderak etorri ziren.
Oroitzen naiz laborarien biltzarra antolatzen zuten Donapaleun, 500 bat bazkaltiar biltzen ziren. Harat behar nuela absolutuki joan. Joan nintzen. Gero, segitu zuen : jendeak maite zuen bertsolari berri bat entzutea. Galderak ukaiten nintuen. Mattin, Xalbador eta Xanpun... garai batean lauak ibili gira gustora.
Gero ateratu ziren Mendiboure, Alkhat, Arrosagarrai eta berantago Mixel Xalbador. Bere aita ibilki zelarik ez zen errex Mixel-endako. Mixel Xalbadorrek beste izen bat izan balu, gu bezala aparteko bat izan balitz, hasiko zen aise goizago eta errexago ariko zen. Xalbadorren semea izaitea zaila da. Aita baino hobeago delarik pasatzen zira. Lizaso eta horiek... gertatu da. Bainan aita baino guttiago delarik, hori sistematikoki egiten du “Ez duk aita bezeinbat”. Badaki Mixel-ek ere aita norbait zela. Ez zen eskolatua bainan gizon argia, euskara maite, kultura ederreko gizona zen. Hizkuntza zoragarria, izpiritu xorrotxa, gauzak sinpleki erraiten zituen bainan behar bezala eta behar ziren tokietan. Bertsolaritzaren bilakaeraGu hasi girelarik, bertsolaritza ez zen bizitzeko molde bat, ez zen orain bezala, ez zen ordaindua. Bazkariaren truk bakarretan kantatu dugu, bakarretan ! Bertzaldean hasiak ziren ordaintzen. Orain ere, Iparraldean baino hiru edo lau aldiz gehiago ordaindua da bertzaldean bertsolari bat. Zendako ? Entzulegoa biltzen baita. Dirua ere sartzen da. Orain, bertsolaritza indartu da euskara hobetu baita. Jende ainitzek lan egin dute, egin beharko ere. Lehen, euskarak ez zuen gaur egun duen nortasuna. Eta lorpen hori lanetik heldu da. Denen lanetik. Euskaldunak orain nortasun bat badu eta horrek plazer egiten du. Orain bertsotik bizi dira. Elgarretaratzea, besta zen. Biltzen ginen irri egiteko, kantatzeko, umoretsu, kermeza eta bestetan. Orain lana bihurtu da. Bertsolariak heldu zauzkitzu tenoreko, pilotari bat bezala. Ainitz aldiz bi lekutan kantatu behar dute egun berean. Bertsolari gazte horiek ikusten ditutzunean gaur telebistan ... Zer diferentzia ikusten duzu bertso mailan, teknikan ...?Ikasia seinale dute. Guk eskolarik ez dugula ageri du. Bertso klasiko horietan ari gira. Badira 15-16 urteko bertsolariak, neska ala muttiko, bertso zoragarriak egiten dituztenak, ikasiak baitira. Jakitate bat badute, ageri da. Aldakuntza haundia izan da. Oraiko trebetasunak ageri dute norbaitek gidatuak, ikasiak. Ez ginuen 30 urteetan oraiko 18 urteko bertsolarien errextasunik. Gaur, gero eta guttiago ibiltzen zira ?Bai. Nire lagunak galduz geroz, azkenik Ernest, hainbeste urtez elgarrekilan eta orain galdu... pixka bat alargun bezala gelditzen zira. Bakarrik, gogoa galtzen da. Lagun egiten zira, elgar ulertzen duzu eta indar gehiago baduzu harekilan. Gero, ez uste izan, holako lagun bat galtzen delarik berritzen ahal dela, ez ! Hasteko, adin batean. Nire lagun zaharrak denak hil dira. Baditut argazkiak eta beha egoiten naiz, bakarra naiz bizirik argazki horietakoetan. Orain, kantatzeko gogorik ez dut. Kurtsoak emaiten ditut pixka bat, etxe inguruetan. Adixkideak eta lagunak baditut hemen. Zonbait bertso oroigarriGogoan dituztan bertsoak ez dira nireak. Entzun, ikasi eta gogoan atxikiak : partikulazki Xalbadorren bat, zoragarria atxeman nuena, aspaldikoa. Aiherrako kermeza egunean, Emile Larre zen orduko apeza eta bertso saioa antolatu zuen. Xalbador, Mattin, Xanpun eta ni. Mixel Labeguerie, erran baitautzut deputatu zela, kanpaña bete-betean zen Donibane Garaziko Inchausperen kontra. Inchauspe ez zen Aiherran, Labeguerie bai. Eta loteria bazen, beti bezala, sosa biltzeko. Jendek lapin, oilo... emaiten zuten. Eta hara nun Labeguerie-k lapin bat irabazten duen !! Lapin gorasta bat. Bere lapina ateratzen du kartoinetik eta Xalbador ondoan baitzen, Xalbadorrek lapin horri buruz bertso hau kantatu zakon : "Gaizo lapina ez da erori batere esku txarrean Hori zoragarria atxeman nuen eta gogoan daukat, nirekin joanen da mundutik. Lazkao ttikiren bat ere biziki pollita atxeman nuen.
Donostian ginen, bertsolari baten omenaldian. Bertsolari guziak bilduak ginen. Taulen gainean 8-10 bertsolari eta apeza gai emaile. Momentu batean : "Orain nik lehen puntua kantatuko dut eta zuek banan-banan, bertsoa osatu beharko duzue". Lazkao ttiki deitzen du. Hura izigarri gizon alegera zen : "Koxe Miguel, orain zure aldi". Eta jadanik jendea xutiturik, esku zartaka, lehen puntoa emaiten die: "Apaizak esaiten makiña bat egi"...Eta Lazkao ttikik segitzen : "Guztia sinesteko ez ahal da gehiegi Zoragarria atxeman nuen. Hola, bat-batean, bera apeza baizen. Hori arrazoin zorrotza, zuzena, tip-tap ! Hori da bertsoa. Interview carried out within the framework of a partnership between EITB.com and the Basque Cultural Institute. Selected extracts from the interview are available for consultation: www.eitb.com Photo reportAuthor: Sébastien Husté
Further detailsWitnesses to the Basque cultureThe aim of this section is to bring together accounts by Basque artists and cultural players in the form of written interviews. Some of these interviews can also be heard in full in MP3 format. |