Michel Labéguerie (1921 - 1980)
Michel Labéguerie 1921ean sortu zen Uztaritzen eta gerla garaian 20 urte
zituen. Jende guttik jakin arren, lehenik Uztaritzeko dantza taldeen
sortzean parte hartu zuen 1930 urteetan eta gero Bordaleko euskal
ikasle taldeenean ere bai. [...]
Ezkerretik eskuinera, Xalbador, Michel Labéguerie eta Mattin
Bestalde, Euskal museoko gazte Mintzaldi zikloaren kari, euskal
dantzei buruzko mintzaldi bat eman zuen 1944ko otsailaren 21ean. Baina hori
aitzin, 1942-43 urteetan Uztaritze inguruko kantu bilduma eder bat osatu
zuen.
Orduan, harreman anitz bazituen euskal kultura herrikoiaren
instituzionalisazioaren bi pertsona garrantzitsurekin : Aita Donostia
eta Pierre Lafitte. [...] Labéguerie kantu xaharrak ikertzen hasi zen
lehen-lehenik. Ezagutza hori egin zuen erdibidean kokatuz, hots
ikertzen zuen eta bizi zen giroan murgilduz - iturri nagusiak familia eta
Uztariztarrak zituen - eta hortik aldenduz : kantuetaz idazten zituen
azalpenak frangotan frantsez ziren eta kantuak partizioetan
ezartzen zituen arau "ofizialetan" oinarrituz. Erdibide horretan
kokatzen zen ikasle zelako Bordalen, denbora berean barnean eta
kanpoan, bere kulturan aski sartua alderdi desberdinen ezagutzeko (adibidez,
garrantzi handia ematen zien ostatu kantuei eta haien ingurumenari),
eta aski urrun erlatibizatzeko eta kantu horiek idatzi behar zirela
erabakitzeko.
Garrantzitsua da hori guzia jakitea, ulertzeko nola biltzaile-folklorista
hau kantu-egile eta kantari bilakatu zen. “Gu gira Euzkadiko” ez
da ex-nihilo sortu. Gauza bera erran genezake Labéguerie-ren bigarren
inspirazio nagusiarentzat : bertsulariak. 1948ko Sarako bertsu saioari
buruzko oharrek, bereziki bertsuen melodiak aipatzen dituztenek, lotura
horren indarra erakusten dute. Euskalzaleen Biltzarreko lehendakari bezala,
Michel Labéguerie-k bertsu saioak antolatzen zituen erregularki, orduan
hoberenean ziren Xalbador ala Mattin bezalako bertsulari historiko
batzuen ezagutza egiteko aukerarekin gainera.
Beraz, kantu politikoa sortu aitzin, Labéguerie-k bazekien euskal kantua
zer zen. Gaztaroan ukan zituen hiru eragin nagusiak : kantu
xaharrak, dantza eta bertsuak biziki baliagarriak izan zitzaizkion geroari
begira. Labéguerie haustura baino gehiago transizioa izan zen. […] Bere
agerraldiek ere transizio itxura zuten : tradizionalak gelditzen ziren.
Alabaina, kantaldi gutti egiten zuen eta bereziki apairuen ondotik kantatzen
zuen, Eskualzaleen Biltzarraren giroa epela zelarik. Bere kantuak
berritzaileak ziren, bai musikaren aldetik, diskoetan grabatuak
zirelako eta mezu abertzalea zutelako.
Iturria
"Kantuketan, l'univers du chant basque" - Denis Laborde (zuz)
- Elkarlanean arg.
Xabier Itzaina-ren artikulua kantuaren eta politikaren arteko
harremanetaz