(Lo sentimos pero este contenido no está disponible en su idioma.). Política lingüistica en Eke.org

Ahetze 2010. urtean

Ahetze aldaketa betean dago. Laborantzak, lehen nagusi zenak, herriko jardueraren %2 baizik ez du hartzen. Gizarte eta lan paisaia birmoldatu da langile eta enplegatuen (%60) eta beren konturako ari diren artisau eta merkatarien alde (%14).

Ahetze herriak hogei bat enpresa dauzka 2010ean. Garapen demografikoa, higiezinen hedapen ikaragarri bati lotua, birmoldatze sozioprofesional horri hurbiletik jarraitzen zaio. Ahetzeko herriak erabaki du herriaren ondarea tresna bihurtzea hezkuntzaren eta txertatze zein kohesio sozialaren zerbitzuko.

Ahetze herriaren aldaketa

Ahetze 1958 inguruan

Erramun Lasaga artoa ereiteko lurra iraultzen ari Ahetzen, 1958 aldean, idi pare batekin (Bilduma pribatua)

"1970. hamarkadan, baziren oraino 30-40 etxalde Ahetzen. Ezkondu nintzen urtean, 1972an, 500 herritar inguru ginen"kontatzen du Roger Dufau Xahieneakoak, 1939an sortu zenak.
Gaur egun, sei laborari baizik ez da gelditzen herrian. Roger-ek lurrak alokatzen dizkie Arbonako edo Ezpeletako laborari batzuei.

Biztanlegoa 1600 lagun arte emendatu da, 1970. harmakadaz geroztik eraman diren hainbat higiezin proiekturen eraginez, horien artean herri-barnekoarena.

Hiri-barneko bizitegiak

Ahetze hiri-barneko bizitegi berriak

 

Proiektu horiek zerbitzu berriak (okindegi-gozotegia, pizzeria, mediku, kinesiterapeuta eta dentista kabineteak, eta abar.), kirol ekipamenduak (etxe multzoan txertatua den bigarren pilotalekua, Pantxoa Sein trinketa, 1993an eraikia), bai eta dauden eskola eta haurtzaindegia handitzeko beharra ere ekarri dituzte. Bere itxura gero eta handiagoa den higiezinen eskaerari egokitzea erabaki duen herriarentzat, herri barneak txikiegia dirudi orain.

"Ezkondu nintzenean, 1947an Teiletxean, doi-doia bospasei auto baziren Ahetzen", azaltzen du Charles Doyhenard-ek, 1922an sorturik (87 urte). Gaurko antolaketak (biribilgunea, aparkalekua) garai berri baten seinale dira. 

Ahetze herriko ondare elementu nagusiak

Domintxenea - Ahetze

Domintxenea

 

Garaiak aldatzen badira, ondarearen elementu batzuek gureganaino iraun dute herrian aztarnak utzi dituzten jarduerak edo pertsonak kontatzeko gisan.

Herri barneak etxe ederrak dauzka, hala nola Sabatenea, Biperrenea (seroren etxe ohia) edo Xahienea. Azken hau, denbora iragan ahala, hainbat aldiz handitu eta altxatua izan da. Pixka bat urrunago, Etxeberria dugu, Miranda familia aterbetzen zuena, hau da, lehen elizako ezkilak jotzeko ardura zuen familia.

Apezetxe ohia

San Martin eliza, XV. mendeko prozesio gurutzeagatik famatua, gaur egun indarra galdu duen erlijiozko ohitura baten lekuko da : "lehen, bi meza ematen ziren Ahetzen eta eliza mukuru betea zen ; orain, meza bat baizik ez da, eliza ia hutsean iragaten dena. Apeza Arbonan bizi da eta bi parropientzat ari da lanean. Apezetxea saldua izan da", kontatzen du Charles Doyhenard-ek. Honek Belhardiko errota ezagutu zuen, jardunean zegoenean. 1960. hamarkadaren amaieran saldu zuten, errotazaina hil ondoren. Herri barnean zapatari eta arotz bat (Germaine Carrera-ren aita) ere baziren.

Ahetzeko pilota plaza

Herriko etxeko pilota plaza

Nahiz edateko ur hornikuntza 1966tik goiti hasi zen, herriko latsarria edo iturria jendea erakartzen zuen bilgune bat zen ; jendeak segitu zuen erabiltzen 1980 arte inguru.

Ahetzek bi pilota plaza dauzka; bata, zaharrena, herriko etxeko hormari lotua, eta beste bat, 2008an egina, hiri-barneko bizitegien erdian kokatua. Pantxoa Sein trinketea (herriko eskolari datxikola) 1993an eraikia izan da.

 

Nortasun agiria

Toponimia: Jean-Baptiste Orpustan ikerlariaren ustez "Ahetze" toponimoa "Aiz"-tik dator eta ondorioz erran nahi luke "gainekalde harritsua".
Hedadura: 1056 ha
Biztanlegoa: 1 452

Ahetzeko biztanlegoaren bilakaera 1793tik 2006ra (Iturria: INSEE)

Kokapena: Ikus planoa
Probintzia: Lapurdi
Altuera: 7m - 100m
Kodigo postala: 64210
Arrondizamendua: Baiona
Kantonamendua: Uztaritze
Herri elkargoa: Euskal Herri Hegoaldeko Herri Elkargoa
Herriko etxeko webgunea: www.ahetze.fr

Mattin bertsularia

Ahetze herria ezaguna da ere Mattin Treku (1916-1981) bertsulari zenaren sorterri gisa.

Mattin bertsuka Saran 1960an (Argazkia: Juan San Martin)

Bertsulariaren bustoak leku nagusi batean kokatua da Ahetzen, Teiletxearen aitzinean, herriko jendea biltzen ohi zen ur-haga zegoen lekuan.

Mattinen omenezko bustoa