IPARRALDEKO EUSKAL KULTURA 2007Pantxoa ETCHEGOIN
Euskal Kultur Erakundeko
zuzendaria
« Batekmila - Euskal
munduak » erakusketa multimedia
Ekainaren 23an zabaldu dugu
Baionako ‘Carré Bonnat’ erakustokian Euskal Kultur erakundeak sortu duen
erakusketa ibiltari hau. Lehen-lehenik
erran behar da ber denboran mugaz gaindiko, mugarik gabeko eta partaide
anitzetako sorkuntza bat izan dela. Alabainan, Gipuzkoako Diputazioa, eta oroz
gainetik Koldo Michelena kultura zentroa gure lanaren partaide izan da.
Halaber, bertze hainbat partaideek besoak zabaldu dituzte gure laguntzeko.
Horien artean, aipa nezazke Digitalak lantegia, Bilboko Euskararen Etxea,
Euskal Telebista, Eresbil, Arteleku, etabar. Zinez horrelako ekimenak ugaldu
behar ditugu, euskaldunen artean berean elgar hobeki ezagutzeko, Euskal mundu
horietan urrats ttipi batzu elgarrekin egiteko, eta mugaren muga psikologikoak
ohiltzeko. Hori elkarlanak
baizik ez dezake erakar ! Orain forma aldetik, nahi ukan dugu erakusketa berritzaile bat ekoiztu, lau
hizkuntzatan, gaurko teknologiak erabiliz eta interaktibotasunari ateak idekiz.
Edukinek berriz bidaia poetiko bat eskaintzen diote bisitariari Euskal munduen
bihotzean, kulturaren, ekonomiaren, geografiaren eta sozialaren bidez. Bainan
oroz gainetik, bi gauza nahi nituzke azpimarratu : alde batetik, jendeen
lekukotasun ugari agertzen da erakusketa horretan, garrantzitsua iruditzen
baitzaigu lehenestea, euskaldunek – eta bertzeek - nola bizi duten beren
euskaltasuna edo kultura eguneroko bizian, bai hemen, bai munduan gaindi, eta
bertzetik, filmen bitartez, askatasun osoa eman diegu gazteei, beren ikuspegia
ager zezaten euskal mundu horietan gaindi. Oro har, erakusketa honek arrakasta ederra ukan du orain arte, eta ekintza
berezien egiteko parada ezinago hobea izan da, Baionan eta Donostian, hainbat
mintzaldi, kontzertu, bisita gidatu eta elkarrizketa sorrarazi baititu. Ibiltaria denez, bidaia luze bat egin behar luke ondoko hilabeteetan, hala
nola Bilbon, Gasteizen, Hendaian, Bordelen, Getxon, Irunean, Lillen, Kortsikan,
eta Europan gaindi. Azkenik, erakusketari datxikola, Euskal kultur erakundeak internet atari
berezi bat sortu du (www.batekmila.com), hain zuzen erakusketaren osagarri
diren argibide edo edukin berezi batzuei begiratzeko.
Ahozko ondarea : bilketa berri
bat abiatua da Baxenabarren
Aurten hasirik eta datozen urteetan, Euskal kultur erakundeak indar berezi bat
egin nahi du Euskal Herrian toki garrantzitsua daukan sail batean : ahozko
ondarea eta ondare inmateriala (bizi lekukotasunak,
bertsoak, leiendak, atsotitzak, ipuinak, kantuak...). Gizarte landatarra bereziki,
denbora guti barne, pasatu da ahozko ohidura batetik irudian eta soinuan
oinarritu komunikazio batetara. Baitezpadakoa da beraz ahozko altxor horien
biltzea lehenbailehen ez baldinbadugu nahi betirako galduak izan daitezen.
1980ko urte horietaz geroztik, hainbat kultura elkarteek lan egin dute sail
horretan, bainan gaur egun, orokortasun batean ikusi behar da gai hori : eiki,
bildu bai, bainan ere ongi baloratu, bereziki haur eta gazteentzat hezkuntzaren
bitartez, eta dudarik gabe, sorkuntza artistikoen hazkundez. Helburu horrekin, Euskal kultur
erakundeak abiatu du lan bat Baxenabarren, Nafarroako Unibertsitate Publikoak
eta Euskokultur Fundazioak Nafarroa Garaian egiten duen lan berari segida bat
emanez eta haiek bidean ezarri duten ekimena eredu hartuz. Konkretuki, Amikuze aldeko
lekukotasun batzu bildu ditu, jendeak grabatuz eta filmatuz gai zenbaiten
inguruan (zurgintza, eskulanak, aroztegia, nekazaritza, .), gero lan horiek
indexatu, DVD moduko euskarri batean ezartzeko gisan, eta nolaz ez interneten. Lan honek segida bat ukanen du
ondoko urteetan ere, iparralde osoari nahi baitgenuke zabaldu, partaidetzan
gure elkarteekin. Sorkuntzak jori iparraldean
Orokorki, erran dezagun sorkuntza
andana bat izan dela iparraldean 2007.urtean, denak ez baditut aipatzen ahal
ere, batzu publiko zabalari zuzenduak, eta beste zeinbat, haur eta gazteeri. Lehenik, urte hastapenean, Hiru
Punttu deitu euskal antzerki taldeak “Baionan bizi” izeneko komedia
eskaini zigun, Antton Luku garaztarrak idatzi obran oinarriturik. Testuak
aipatzen du, frangoton omore anitzekin, gazteek etxebizitza baten ukaiteko
dituzten arazo larriak. Antzerki honek arrakasta ederra
ukan du, bereziki Korrika kari, anitz tokitan erakutsia izan baita. Nahi nituzke ere beste bi ikusgarri haundi aipatu, non dantza, kantua eta musika gurutzatzen baitira. Lehenik, lehenetsi nahi nuke
Xiberoan, Eskiulako herriak apailatu duen sorkuntza : “Dinbili Danbala”
dauka izenburua eta historiaren haria Vivaldi-ren “Lau urtaro”etarik
ondua izana da, sasoi bakoitzari erranahi bat emanez : negua, lehenagokoen
aroa, larrazkena adin ona, uda gaztetasuna eta amodiozko jokoak, eta bedatsa,
haurtzaroa. Ikusgarriaren kalitateaz gain,
plazer egiten du ikustea 540 biztanle diren herri ttipi batean, gai direla urte
batez 50 aktorez goiti, ttipi eta haundi, elgarretaratzea egitasmo amankomun
batean parte hartzeko. Eiki, zuberotarrek horrelakoen ohidura badute
pastoralekin bereziki, bainan ere bestelako ikusgarrietan, belaunaldien arteko
harremanak bizi bizirik atxiki nahi dituzte, euskararen eta euskal kulturaren
ohakoan. Halaber, beste kultura gertakizun bat ere
iragan da Biarnoan, Pabeko Zenith ikusgarri gela handia bete duena, “Lagunt eta
Maita” elkarteak antolaturik. Honek Pabeko milako bat euskaldun familia
biltzen ditu eta oroz gainetik Xiberotarrak. Aurten, beren berrogei urteak
ospatzen dituztela, “Izar Bide” antzezlana eskaini dute, erbesteratzeari
buruzko gaia aipatuz, Pier-Pol Berzaitz-en "Zeruko izarren bidea"
kantua hari gisa zutela. Ehunta hogei kide, amaturrak eta profesionalak,
aritu dira "Izar Bide" prestatzen urte batez eta egia erran,
uzta ederra eman dute, erakutsiz kantu, bideo eta dantzekin, tradizioa eta
gaurkotasuna uztar daitezkeela gure euskal munduetan gaindi. Beste emanaldi bat ere nahi nuke aipatu :
Burrunka taldeak alhan ezarri duen “Ufaka zanpaka” ikusgarria.
Hau perkusioen, gaitaren eta dantzaren arteko kurutzatze bat da, 40 bat
musikari eta dantzarik apaindua, zuzendari nagusi bezala dutelarik Beñat
Amorena eta dantzarentzat, José Casaubon. Euskal mitologia gaitzat hartuz,
Euskal Herriko eta munduko musiken nahasketa aberats bat ediren dute, sormenari
ateak idekiz. Azkenik, gure kulturaren etorkizuna diren haur
ttipiak ere ez dira ahantziak izan, bertzeak bertze, Elirale dantza
Konpainiak eskaini duen “Lodikroko” ikusgarriarekin, Amaia
Hennebutte-Millard idazleak ondu poesia eta ipuin liburu batean oinarriturik. Horra hor eguneroko kultura bizitasuna erakusten duten gertakari zenbait. Horrelako ekimenak baitezpadakoak ditugu gaur eta bihar, gure euskal kulturaren zerizana bera sorkuntza baita. Hizkuntzen eta kulturen
topaketa
Urte guziz biltzen dira lurralde batean, Frantziako herri hizkuntzetaz
arduratzen diren erakunde eta elkarteetako ordezkariak. Aurten Erramun Bachoc
soziolinguistak bultzaturik, Iparraldeak luzatu die gomita, Euskal kultura
sostengatzen duen Herrien Arteko Sindikata, Euskal Kultur Erakundea, Euskal
Konfederazioa eta Euskararen Erakunde Publikoa partaide zirelarik. Kanbon
iragan da bilkura azaroaren 7tik 10era eta gai nagusia zen : "Hizkuntza politika eskualdeka,
Estatuaren aldetik eta Europa mailan". 60 ordezkari elkarretaratu
dira, Frantziako eta Itsas-haindiko 10 eskualdeetarik. Euskal Herrira etorri
dira Alsazia, Bretainia, Korsika,
Okzitania, Katalunia, Guiana, bai eta ere Martinika, Maiot eta Reunion
ugartekoak. Eskualde bakoitzak gutartean erakutsi dauku aurten edo azken urte hauetan
zer gertatu den hizkuntza politikaren
alorrean. Hizkuntza politika aipatzen da botere publikoak bere gain
hartzen duelarik herri-hizkuntzen zaintzea eta aitzinaraztea. Eskualde askok
aipatu dituzte politika gora-beherak eta egia erran, bada orokorki gora baino
gehiago behera ! hor agertu da azkenean, besteri konparatuz, Ipar Euskal Herrian badela memento honetan
dinamika bat euskararen alde, ofizialtasuna falta baldinbada ere. Gure lana
izan da Euskal Herriko hizkuntza politikaren aurkeztea, ekintza konkretuak
aipatuz. Besteak beste, arratsalde bat antolatu dugu Donostian, "BatekMila"
erakusketa ikusteko Koldo Michelena kulturunean, eta Miren Azkarate Kultura
Sailburuaren entzuteko, Jaurlaritzaren hizkuntza politika aurkeztu duelarik. Bigarren egunean, Europa eta hedabide berriak
ziren mintzagai. Eskualdeetako hizkuntzek badute oraingo hedabide tresna berrien beharra.
Irratietako eta telebistetako espertak entzun ditugu. Adibidez numerizazioak
zer aldaketa harrigarriak ekarriko dituen, herri-hizkuntzek ere baliatu behar
dituztenak aitzinatu nahi badute. Mugaz gaineko hedabideek ere badituzte
zailtasunak : lehen hertz-uhinetan errexki pasatzen zen Euskal Telebista, orain
ez da pasatzen (TNT) lurreko tresna numerikoarekin. Bestalde, Europari buruzko mintzaldi aberats bat entzun dugu. Europako
erakundeek, alde batetik hizkuntzen eta kulturen aniztasuna goraki aipatu dute
eta gure gain da baliabide berrien aurkitzea herri-hizkuntza ahulagoen alde,
elgarrekin jokatuz proiektuen finkatzeko eta diru laguntzen ardiesteko. Azken egunean, biltzar nagusia izan da, topaketen helburua baita eskualdeen
arteko lankidetzaren antolatzea. Bi helburu finkatu ditugu. Alde batetik
CNFPT (Centre National de Bururatzean, gomita ukan dugu helduden urteko topaketak Guianan egiteko, ber denboran ikusteko zer aurrerapen izan den urte batez herri hizkuntzentzat eta ezagutzak egiteko hamar hizkuntza eta kultura ezberdin dituen eskualde batekin. |
Kultura agenda zure e-postaraGure kultura agenda eskuratzen ahal duzu aste guziz zure e-postara.Harpidetza egin! IKUSKIZUNA - DANTZALur Sagar 2009ko urtarrilaren 9a KONTZERTUA - KANTUABostgehio 2009ko urtarrilaren 10a AURKEZPENA - LITERATURAMixel Lekuona, artzainen artzain 2009ko urtarrilaren 10a IKUSKIZUNA - ANTZERKIAHila Espos 2009ko urtarrilaren 11a IHAUTERI - MASKARADAKMaskaradak Barkoxen 2009ko urtarrilaren 11a IKUSKIZUNA - DANTZALur Sagar 2009ko urtarrilaren 16a IKUSKIZUNA - DANTZAKONTZERTUA - MUSIKAHerlauz'Band - Kantuz - Begiz Begi 2009ko urtarrilaren 17a ERAKUSKETA - ARGAZKILARITZA
|