2006ko Frantziako Tourra : euskal kultura agerian
2006ko Frantziako Tourraren etapa bat Lapurdiko Kanbotik abiatuko da uztailaren 12an. Karia hortara, bezperatik, uztailaren 11n, Euskal kultur erakundeak euskal kulturaren inguruko ekintzak antolatuko ditu, 17:00etan hasiko direnak.

Igor Elorza (Argazkia : EKE)
Aitzakia horrekin, EKE-k deneri irekia izanen den "Bertsulari-Tour" itzulia antolatu du. Lau bertsolarik parte hartuko dute : Igor Elorza eta Unai Iturriaga Bizkaitarrak, Iñaki Gurutxaga Gipuzkoarra eta Amets Arzallus Lapurtarra.
Herriko Etxean eginen den ongi etorriaren ondotik, taldeak herria txirrindulaz zeharkatuko du, hiru tokitan geldituz azalpen batzu bertsotan entzuteko : bat Michel Labéguerie harrixutaren ondoan (San Josepe parkean). Michel Labéguerie euskal kantagintza berriaren aita eta Kanboko auzapeza izan zen. Beste geldialdia Grancher behatokian eginen da eta azkena Xikito pilotari famatuaren etxean. Bi kilometroko ibilaldia Kanbo-Behereko pilota plazan eginen den bertso saioarekin bukatuko da. Karlos Aizpurua izanen da gai-emailea.
Arratsaldea Patxi eta konpainia-rekin bururatuko da. Alabaina, 20:30etatik goiti euskal dantzen ikasteko parada izanen da San Josepe parkean.