Hemen zaude: Hasiera Euskal kultura Euskal kulturaren lekuko Txomin Ezponda

Txomin Ezponda

''Guretako Xalbador monumento bat zen''

  • Xabaltx
  • 2009-05-22
  • Hizkuntza: Euskara

Txomin Ezponda (1937, Jatsu) garai bateko bertsolaritzaren azken ordezkaria dugu. Mattin, Xanpun, Alkhat eta Mendiboure zituen ohiko bertsokide. Belaunaldi horren ondotik, bertsolaritza hiltzear zegoela Iparraldean, bertso eskolen eraginez, transmizioa segurtatu da. Kontu horien inguruko oroitzapenak eta gogoetak aipatu dizkigu Ezpondak.

Txomin Ezponda (Dominique Ezponda Lagan) Garazi aldeko Jatsu herrian sortu zen 1937an, laborari familia batean. Soldadogoa egin ondoan Algeriako gerla garaian, Bokalen hasi zen lanean garraiolari gisa 23 urte zituela. Bertsolaritzak ekarri zion famari esker saltzaile ofizio bat proposatua izan zitzaion eta erretiratu arte lan horretan ari izana da 28 urtez.

Bere bertsulari ibilbidea Donibane Garazin hasi zuen 1955ean Fernando Aire "Xalbador" lagun zuela. 1983an Nafarroako bertsolari txapelketa irabazi zuen. Mattin, Xanpun, Alkhat eta Mendiboure bezalako bertsolariekin aritu da frangotan. Besta giroan oinarriturik, orduko bertso saioak jolasean eta umorean iragaiten ziren.

Uste bazen ere, bertsulari belaunaldi horren ondotik, Iparraldeko bertsolaritza hilen zela, 1980. hamarkadan, bertso eskolen eraginez, transmizioa segurtatu da eta gaur egun bertsolaritzak, inoiz baino gehiago, arrakasta badu belaunaldi gazteetan. 2009ko ekainaren 6an iragan den Iparraldeko bertsulari gazteen XVI. xapelgoaren finala honen lekuko dugu.

Txomin Ezpondak 2009ko martxoan eskaini digun elkarrizketa baten zatiak hautatu ditugu hemen.

Lehen bertsoak Xalbadorrekin

Bertsotan hasia nintzen 15-16 urtetan. Gure laborari etxetan, etxalde ttipietan, lanak auzoen artean eta elgar lagunduz egiten ziren, izan zadin arto biltze, arto xuritze, iratze mozte, ogi jotze, mahasti aitzurtze, 7-8 auzo biltzen ziren eta lan egiten zuten, janaren truk. Gero arratsetan, afariño bat bazen beti. Nun edo nor ni baino ainitz zaharragoa bazen, 50 urte, nik 15... Eta bazen Bernardo izeneko artzain bat afari ondoan beti bertsotan hasten zena. Konturatu nintzen gauza pollita zela. Ez zen orduan, nik hasteko ez nuen atxeman libururik, orain den bezeinbat, ez hurbiltzerik ere.

Donibane Garazira ateratzen ginelarik, lagunen artean eta afariño batzutan, bertsotan aritzen ginen. Bizpahiru elgar atxemaiten ginen. Bistan da ez ginela ongi ari. Orain eskolak eta maisuak badira, dena lagundua da. Guk behar ginuen bakarrik ateratu. Egun batez, dantzari nintzan, oroitzen naiz, Uharteko talde batean. Oraino ere bada hor dantzari taldea. Hartan ari nintzen eta libertimendu bazen Donibane Garazin, urtea ahantzia dut... 18 urte nintuen guti gorabehera, Xalbador eta Mattin jin beharrak ziren bertsotan aritzera. Gu dantzan eta horiek bertsotan... Orduko banuen bertsotan kantatzeko tira, lagunartean ari nintzen errexki. Mattin ezin izan zen etorri... bizikletaz ibilki, treinez eta ez dakit batere... ez zen Mattin Ahetzetik Donibanerat arribatu ahal izan. Xalbador bakarrik zen delako libertimendu hartan eta taulen gainera igan zelarik, agurrak, denak egin zituen behar zen bezala. Halako memento batez, galdatu zuen ea nun edo nor ba ote zen bertsotan laguntzeko. Bakarrik delarik tonto baita bertsolaria... Lagunek eta dantza lagunek orduan : "Hi, hain trebe gure artean, egiten baitituk balentriak ! Orain duk mementoa."

Oroitzen naiz, besotan hartu eta altxatu ninduten Xalbadorri erranez "Hunek badaki, hunek badaki!". Taulen gainera igo eta haizeak larrazkeneko ostoak dardarazten dituen bezala, hantxe nire Xalbador agurturik, jendeari ere agurrak eginik, 10 minutaren buruan Xalbadorrek baino esku zarta gehiago bildu nintuen gaztea nintzelakotz.

Xalbadorrekin berriz ere buruz buru

24-25 urte nituela, Maite Barnetche entzun nuen Radio-Adour irratian. Igande guziz galdetzen zuen bertsolaririk bazenetz edo. Gai bat ematen zuen, oroitzen naiz, oilo salda gaiarekin hasi nintzen. Behar ziren 3-4 bertso eskribatu eta bidali Radio-Adour-i. Josteta bezala hartu nuen. Xintxo-xintxo jostatu nintzen uda batez igandetan nire bertsuak igorriz : berek kantatzen zituzten ondoko igandean.

Uda finitzean, buruilan, gutun bat ukaiten dut gomitarekin. Baizik eta Beskoitzen, Otxalderen heriotzearen 100. urtemugakari oroitarri bat ezartzen zutela herriko etxearen paretan, karia hortara Iparraldeko bertsolari guziak gomitatuak zirela bazkaltzera eta ni ere haiekin. Kontent joan nintzen nire gutuna sakelan. Mezatik hasten zen eta mezan ikusi nintuen : Mattin hor duk, Xanpun hor duk, Errexil ere hor zen, Zubikoa, Aintziart, heletar bertsolari bat... Hilak dira denak. Bazkaldu ginuen.

Nik Maite Barnetche ezagutzen nuen baina ez ninduen berak ezagutzen. Hurbiltzen naiz eta "Barkatu, badut gutun bat sakelan zuek bidalia..." "Ahh ! Zu zira delako hura, zaude istant bat". Orduko Euskaltzaleen Biltzarreko lehendakaria, Labeguerie Mixel zen. Labeguerie Mixel deputatua, zenatur eta ez dakit zer. Hura zen egun hartako gidari. Gai emaile. Bera kantaria zen, gitarra ongi jotzen zuen.

Presentatzen nau Labeguerie-ri "hau da aipatu nauzuna, gomitatzen ginuela, gaztea, batto bederen." Labeguerie hasten da "ideia pollita bat heldu zaut burura. Orain bada herriko etxearen paretan harri bat euskal ikurriñarekin. Soka bat tiratu eta Xalbadorrekin agurtu behar duzue". Xalbador urrunago zen, jende batzuen artean, Labegueriek dio Xalbadorri "Zato, zato !". Xalbadorrek ezagutzen ninduen eta erran zautan "Guk lehenago ere kantatu dugu. Hasiko zira eta nik gero segituko dut".

Lehen agurra egin nuen. Bertsolari gazte gutti zen, eta euskara ere galtzen ari. Orain baino makurrago izana da euskal hizkuntza, lan ainitz egiten baituzue. Ikusten zuten... eta kantatzen... Xalbador eta Mattinen ondotik ez zela segidarik. Badira nunbait kantu horiek. Uroski tronpatu dira. Egun hartan, bazkaldu eta, badakizu aperitifaren ondotik pixka bat konfiantxan sartu eta arratsaldean ere kantarazi ninduten besteekilan taulen gainean.

Xalbador, Mattin, Xanpunekin gostura

24-25 urtetan, Mixel Labegueriek taula gainean eman eta geroztik ez naiz gelditu. Geroztik beti galderak etorri ziren. Oroitzen naiz laborarien biltzarra antolatzen zuten Donapaleun, 500 bat bazkaltiar biltzen ziren. Harat behar nuela absolutuki joan. Joan nintzen.

Gero, segitu zuen : jendeak maite zuen bertsolari berri bat entzutea. Galderak ukaiten nintuen. Mattin, Xalbador eta Xanpun... garai batean lauak ibili gira gustora. Gero ateratu ziren Mendiboure, Alkhat, Arrosagarrai eta berantago Mixel Xalbador. Bere aita ibilki zelarik ez zen errex Mixel-endako. Mixel Xalbadorrek beste izen bat izan balu, gu bezala aparteko bat izan balitz, hasiko zen aise goizago eta errexago ariko zen. Xalbadorren semea izaitea zaila da. Aita baino hobeago delarik pasatzen zira. Lizaso eta horiek... gertatu da. Bainan aita baino guttiago delarik, hori sistematikoki egiten du Ez duk aita bezeinbat.

Badaki Mixel-ek ere aita norbait zela. Ez zen eskolatua bainan gizon argia, euskara maite, kultura ederreko gizona zen. Hizkuntza zoragarria, izpiritu xorrotxa, gauzak sinpleki erraiten zituen bainan behar bezala eta behar ziren tokietan.

zuzena, tip-tap ! Hori da bertsoa.

Txomin Ezponda

Txomin Ezponda (© Sébastien Husté)