Kaskarotak eta puska biltzaileak

Lapurdin urtarril amaieran edo otsail hasieran martxan izaten dira inauteri goiztiarrenak. Herri bakoitzean talde bat antolatzen da eta herriko baserri, etxe eta auzoak bisitatuko ditu inauteri aroan. Zenbait herritan bi, hiru edo lau asteburuz luzatu daiteke erronda.

Kaskarotak eta dantzarisak Beskoitzen (2012 - Iñaki Zugasti / dantzan.com - CC-BY-SA)
Kaskarotak eta dantzarisak Beskoitzen (2012 - Iñaki Zugasti / dantzan.com - CC-BY-SA)
Kaskarotak dira Lapurdiko inauterietako pertsonaia nagusiak. Lorez apaindutako kapelak, xingola eta apaingarri koloretsuak soinean, eta bi makila eskuan dituztela aritzen dira kaskarotak. Zortziko taldetan antolatuta, makila-dantzak egiten dituzte, eta baita dantza-jauziak, marmutx, xinple, kontra-dantzak, soka-dantza, fandangoa eta arin-arina ere. Neska-mutil dantzariekin batera, Lapurdiko inauterietako konpartsa banderariek, besta-gorriek, ponpierek, kotilun-gorriek, jaun-andereek, hartzak eta tarteka eta herrien arabera ager daitezkeen bestelako mozorroek osatzen dute.

Lapurdiko kaskaroten oso hurbileko inauteria Gipuzkoan, Abaltzisketan aurki daiteke. Zortzi dantzari zapi koloretsuz apainduak, makila-dantza egiten dutenak baserriz baserri puska biltzean. Txantxoak dira, eta soinujole batek lagunduta aritzen dira makila-dantzan. Konpartsa soilago ageri zaigu hemen, eta txantxoekin batera bi mozorro aritzen dira. Erratza eskuan dantzatu aurretik baserriko ataria garbitzen du batek, eta baserritarrak emandako jakiak biltzen ditu bigarrenak, zesteroak. Txantxoek dantzatzen duten makila-dantza beretsua, baina biziagoa, egiten dute Amezketan talai-dantzariek.

Gipuzkoatik Bizkaiara sartu orduko, mugan bertan, Markina-Xemeinen beste makila-dantzari talde bat aurki daiteke inaute igandean. Zahagi-dantzan aritzen dira hauek, eta hartzaren dantzarekin osatzen dute saioa.