Ikuskizunak
Koldo Amestoyek proposatzen duen ikuskizun baten izenburuan klik egizu dagokion aurkezpenaren ikusteko:
- Biribilketa, luma beltza
- Harriola Marriola
- Aneta Bokaleko
- In Vino Fabula
- Biderditan
- Lukito
- Jentilak eta ikazkina
- Bestalde
BIRIBILKETA, luma beltza
Kondalari Bakarlari
Publiko nagusiari zuzendua
Koldo Amestoy kondalariaren bakarlari sorkuntza
Dantza moldaketa laguntzailea : Pascale Laskano koregrafoa

Txori bilakatu zen gizon baten bidaia libreta da.
Txoria doalarik...
kondairak askatu zuen hego-haizeak eramanik,
hain zuhurra ez den emakume zahar honi aholku eskatzera.
Badabilarik...
ametsak libratu zuen Pongo baten bidetik,
inspirazio bila doan emakume-idazlea topatu arte…
Luma beltza baga
Behinola biga
Haize batek higa
Berarekin laga
Eramanik boga
Beti doa sega
Zeren bila zahi
Ote daki zohi
Pika edo bele
Izan balitz harma
Izango zen tiro
eta Biribilketa,
Luma beltza…
Koldo Amestoyek asmatutako kontakizun-egitura honetan kokatzen dira :
- Euskal Herriko eta mundu zabaleko hainbat ipuin eta kondaira,
- idatzitako kontakizun,
- lelo eta errepika, dantza urrats batzuek gidaturik…
Iraupena : 1' 10 (70 mn)
Eszenatokian : Koldo Amestoy kondalari bakarlari
Partaideak : Euskal Kultur Erakundea - Luhusoko "Harri Xuri" SIVOM Artzamendi - Kanboko hiria eta "Arnaga" Edmond Rostand etxea
Création visuel : studio Pepper Pump
HARRIOLA MARRIOLA
Kondalari bakarlari
Publiko nagusiari zuzendua
Argazkia: Michel Eche
Euskal Herrian kontatzen da, artzain batek mendi batean aurkitu zuela harri zabal bat, belar gainean etzanik. Eta honen izkin batean grabatuta zegoela : "Itzuliko nauenari ez zaio damutuko..."
Koldok harri berezi honen inguruan eraiki du bere ipuin-ikuskizuna. Harlauza azpian zer izan daitekeen galderari erantzun nahian, lurpeko mundu barneraino eramaten gaitu.
Zulo soilak, leizezuloak, edo sakontasun misteriotsuak… Zer aterbetzen ote dute inguru ilun horiek ?
Mitologiako pertsonai, herensuge edo hartz ? Dibinitate eta jainkosa ? Altxor bat ? Edo mundua mundu denetik, harpeetako gauean gorderik dauden aztarna edo zeinuak ?… Mitoen sorgune, beldurren eta ametsen iturburu ? Ala, altxor berri baten kutxa balego ?
Eta lurpeko bidaia hau, lurgain hontako biziari begiradatxo bat emateko estakuru, aitzaki bat, besterik ez balitz ? Harri lauza, miraila zabal edo ispilu trikimailu bilakatuko litzaiguke orduan !...
ANETA BOKALEKO
Pantxix Bidartekin bikotean moldatu ipuin, kantu eta musika ikuskizuna
Publiko nagusiari zuzendutako ikuskizuna
Koldo Amestoy, kondalari – Pantxix Bidart, kantari eta musikari

Itsasoa eta Euskaldunak… aspaldiko ixtorio luzea.
Gogoan daukagu garai hura, bale ehizira eta bakailao arrantzara, Bizkaitik, Gipuzkoatik eta Lapurditik ere, Ternua deitzen zuten lurralde "berri" haietara hainbeste gizon joaten zirela, bertan lan egin eta tokiko "indioekin" trukaketak jarraitzera. Abentura gosez ala bizirik egon beharrez ausartzen ote ziren gure arbasoak beti eta urrunago itsasoetan zehar ?
Koldo kontatzen ari dela, Pantxixek bidaia eta gizonen abentura kantatzen digu. Hitzek eta ahotsek, kitarrak eta beste soka-tresnek, aldizka oroitarazten digute itsasoan ekaitza, bilaketa, bale handien dantza, edo berdin, abiatze bakoitzaren malenkonia.
L'Adour en 1611 - Carte de Nicolas Flambergue - Archives de Bayonne - Cliché : Laurent Védrine
"Annette du Boucau" kondairaren inguruan moldatu ikuskizun honek ibaiaz eta itsasoaz zenbait kontakizun, aipamen eta kronika pizten digu, gure irudimenean agertzen dizkigularik, itsasgizonak ontzi eta txalupetan, bale ehiziko irudi, usain eta zaratots artean gatazkan.
Bixintxo, Aturri ibaiko arrantzale dugu. "Ibaia" kontatzen digu : Pirinioetatik jausten diren erreketako urek osatu erreka. Lurra itsasoari josteko, hainbat ahaleginen ondotik, azkenean, Aturri errekak ozeanorako bidea Baionatik pasaraziz, bere ibaiahoa urratu zuela eta.
Aturri ibaiaren gertakariak "itsaso gaiari" lotzen gaitu, herrian daukagun kontaketa herrikoi bakarreneko honekin : "Annette du Boucau" kondaira.
"Bixintxoren arrantza-ontzian dago Aneta bere emaztea. Amaiur haur ttikia besoartean lotan daukala, indar ezezagun batzuek gauaren gauean eramaten dituztelarik...
Bidaiaren helmuga ugarte bat da. Horko leize baten sakonean ezkutaturik dago, Sekretua. Bere semearen lainotasunak gerizaturik Anetak abentura frango berezia biziko du, Aturri ertzetik urrutiko ugarte haren bazter ezezaguneraino".
Beti lotan dagoen Amaiur haurtxoak bere baitan dauka bale ehizaren memorioa. Aitaren pinaza barnean, amaren besoartean kokaturik, bere gogoa iratzarriko du eta askatuko ere, bale baten atzetik, balearrantza ontzien uharari jarraikiz, kontaketa eta ixtorio frango entzun araziko digula...

ALDE TEKNIKOA
Taula gainean :
Koldo Amestoy : kontaketa eta kantu
Pantxix Bidart (kantu & musika : kitarrak, cavaquinho,…)
Argitzapen berezia,
Marc-André Nicolao "Nif" lagunaren argitzapen sorkuntza, xume eta erabil errexa. Aurre-prestakuntzarako argitzapen plan bat eta gida-fitxa bat dauzkagu, bertako teknikoarekin lantzeko.
Sonidu aldetik, ahalik eta gehienetan, sonidurik gabe, "akuztikoki" aritzen gara. Megafonia erabiltzea baitezpadakoa balitz, gure lanari egokituko genuke.
Iraupena : 75 mn
Bi bertsioen sorkuntza burutu ahal izan da, erakunde hauek ekarri duten sustengu eta konfiantzagatik : EKE-Euskal Kultur Erakundea - Angeluko hiria (Ecuries de Baroja) - Heletako « Traboules » konpainia (Itsasoa – Kafe Kultura gunea) - Hazparneko Eihartzea Kultur Etxea
IN VINO FABULA
Pantxix Bidartekin bikotean moldatutako ipuin, kantu eta musika ikuskizuna
Publiko helduari zuzendua - Iraupena : 70 mn
In Vino Fabula ikuskizun bat da, arnoaren mundu inguruan dabiltzan kontakizun, musika eta kantuak josten dituenak :
Musikaria idazki eta olerkiekin jostatzen da, moldatzeko bere musika ttipia...
Kondalaria mitologia eta literaturako aipamenekin jolasten da, berridazteko bere ixtorio ttipia …
Arno on baten gisako ikuskizuna, oparo eta sendoa !
In Vino Fabula edo…
Nolaz, uholde handi denboran hainbeste ur ikusi zuelako, uso batek gidaturik,
Noe Ibarxolan kokatu zen, eta mahastia landaturik, ardoa egin zuen,
Nolaz, pikondo itzalpetik pasatu ziren Satan, Bacchus ardoaren jainkoa,
Dom Pérignon, Martin eta bere astoa, eta lehen mahats-biltzaileak,
Nolaz, Martin mahastizaina eta Bixente dolarean sartuta atea hetsi ondoren, sotokoa ideki zen geroago, eta Ardane agertu,
bere lehen arnoa dasta arazteko harro zegoela,
Nolaz, Jesus-Kristo eta ezteiliarrek, Rabelais eta Gargantuak ardoa gozatu zuten, Sancho Panza, erretorea et bere medikuak, eta beste hainbatek bezala.
Eta behin etorri zela,
Johann eslobakiarra bere
arnoaren sekretua salatzeko.
Koldo Amestoy-ek asmatu, idatzi eta kontatua,
Pantxix Bidart-ek interpretatu olerki, kantu eta musikak gurutzatzen diren kontakizuna da.
"Han eta hemen" et "Aita naiz" (Bitoriano Gandiaga), "Hymne à Bacchus" (Olivier de Magny, XVIème siècle), "Metronomblues - Mahastizainarena" , "Vinum bonum… Arabik song", "Mama gozoa balada" (Pantxix Bidart),
"Aitak eman zerautan" (Pierre Dibarrart - trad.), "Ura eta arnoa" (anonyme – trad.), Ostalerrak (musique de danse – trad).
Cumulus vini, periculosus curae est.
Potenedun est cum moderatione !
BIDERDITAN
Kondalari bakarlari
8 urtetik goragoko publiko zabalari zuzendua
Argazkia: Michel ECHE
Herriko enparantza, "Lauhaizetara" plaza deitzen duguna da. Guztiak hortik iragaiten dira, hainbat gurutzatzen, jendeak bai eta ere batzutan, Lamina bat, goizeko eguzkiari iheska doana… Herriko apez berria,... Ikazkina edo errementaria... Azeri kezkati bat…
Hortik pasako dira bestalde, urrutitik etorritako bidaiariak, bakoitzak berea dakarrela : Pongoaren ametsa, Kunku mutilaren kontakizuna, eta beste… Zeru goialdean zazpizarrak, "karru handia" ikusi arte...
Plaza hortara hurbilduko zaizkigu ere, Artzai zaharra, bere ametsa gogoan, eta Xango dantzaria, ezkontza edo erromeria batera joateko beti prest dagona.

LUKITO
Kondalari bakarlari
8 urtetik goragoko haur "euskaraduneri" zuzendua
Argazkiak: Michel ECHE
Baga, Biga eta Higa, hiru axeri anai dira.
Lehena gozozalea da. Hainbeste mahats janik, ez da gehiago murru zilotik pasatzen ahalko.
Bigarrena sinesbera da. Sai baten buztanari loturik airean eramana izan da, eta....
Hirugarrena aldiz, maltzur eta argiena dugu, iduriz.
Bakar bakarrik abenturako bidean abiatuko da.
Baina laster, bideko lagun baten bila hasiko ere...
Jentilak eta ikazkina... Olentzero ikatzegile zaharraren ixtorioa
Kondalari bakarlari
Publiko nagusiari zuzendua
Argazkia : Gilbert Glère
"Norek daki zer ote den,
Oihanean etengabe lan eta lan arizanik
Ikazkinak duen ametsa ?
Txondorreko egurretik ikatza egitea,
Edo berdin, zergatik ez,
Lurrazal horren petik urrea ateratzea ?
Norek daki zer ote den,
Oihanean etengabe lan eta lan arizanik
Ikazkinak duen ametsa ?"
Gure herritarrak ohartu ziren, holako batez Ibarxolan kokatu ziren Jentilak izate onekoak zirela… Erraldoiak zirela hori bai, iletsuak eta indar handikoak ere, baina ez zirela batere gaiztoak.
Bestalde, gaueko izakiak zirenez, gaueko langile eta "gautxori" fama zuten. Horrela behin, neguburuko gau izarreztatu batez Jentil batzu beren leize ondoan dantzan ari zirelarik, odei argitsu bitxi bat ikusi zuten zeruan agertzen… Jentil-ikazkina hortxe zegoen lekuko, begia luzatutik, beharria tente, gogoa erne…
Olentzeroren ixtorio bat, euskal mitologiako kondaira eta beste hainbat ipuin, kontakizun eta kronika herrikoietan oinarriturik.
8 urte (baitezpadako baldintza) baino goragoko publiko zabalari zuzendutako ikuskizuna, euskaraz eta familia giroan entzutekoa eta gozatzekoa…
BESTALDE...
Beste kontaketa modu batzu posible dira antolaltzea, hala nola : ibilaldi eta bisita kontatuak, ezohiko leku bat okupatzea, ikastaro, mintegi, edo edozein egonalditan kontaketa saioak,...
Argazkia: Michel ECHE
Koldo Amestoyek proposa lezake ere, « Graffit’hitz » deitutako ekitaldia : gertakizun berezi baten inguruan sorkuntza bat, bakarrik edo beste artista batzuekin eskaini dezakeen ekitaldia (erakusketa estreinatze, gertaera sinboliko eta zintzo, omenaldi, lekukotasun,...)

