Euskara   Français  

Piarres Larzabal idazlea (1915-1988)

Herriko bozak

Hona hemen, bi zatitxo, lehenago ikusi dugun Pakoren gogoetak :

Pako – Ene aitzineko botoilekin mintza ?… Zer diotet erranen ?…

Bat, xuritik da, bertzea gorritik.

Xuria, apez arnoa… Horrek badik begitako grazia bat, gorriak ez duena…

Bixkotxekilako arnoa. Horrek badik ere bere esker, bere garbi,

bere handikari berezia. Jateko leunekin zerbitzatzen dena,

norbait direneri noiz-nahi eskain ditakena, ohorezko arnoa,

andere gazte kriketa, arno xuria.

Hi berriz, gorria… Iluna hizalakotz, irri gutiago duk hire begitartean….

Erakina izan hizalakotz, motelago eta hilago hiz.

Eskas duk biziaren ñirñira, zalapartaren kirkira…

Gaizo arno gorria. Edozoinen arnoa… Jateko larriekin hi hute usatzen…

Egun guzitakoa, mutur zuri eta esku finek guti hute perekatzen.

Ez izanik ere igandetakoa, halere ederra hiz, sanoa,

sustengorra, zerbitzari leial zaharra, arno gorria !

Orai, zoin iduritzen zaizue dela gomeni enetzat : zuria edo gorria ?

Pako – Ha, nun ditiat paperak ? Hemen daukat zuriena eta hemen gorriena.

    Hauk gauza pollitak ! Hauek badutela gero errespetu…

    Ni, beti azken mementoan boza emaitera etortzen nuk…

    Hauk eskutan ditudano, alabainan, norbait nuk…

Zeren-eta, aitor-azue, denek zuen baitan mesprexatzen nauzue…

Bainan denak ixilik zagozte, hunako paper pollit hau

nahi duzuelakotz zuenganatu.

Paper hau untzian ezarri ordutik, deus ez diat balioko zuentzat.

Deus, zuen ostikoentzat ere ez nuk on izanen.

Hortakotz ditiat paper hauk, ahal bezen luzaz eskuetan beiratzen…

Hau, zuena zuriak !… Eta hau zuena, gorriak… Sofri hor !

Biba gorriak ! (eta edaten du gorritik).

Haatik, ez uste izan, zuek zuriak,

baitezpada gorrieri emango dudala ene botza.

Berdin zurieri eman zezakeat…

To, nahi baduzue ariko gaituk tratuan :

ean nork eskainiko dauten gehienik…

Mintza zaizte…