Euskara   Français  

Piarres Larzabal idazlea (1915-1988)

Matalas

Hona, Mitikileko apezaren eta Apezpikuaren arteko elkarrizketa bixi-bixia. Eta ohartuko zareten bezala, Larzabalek zirtolaritza edo ditxolaritza erabiltzen du elkarrizketari indar gehiagoren emateko.

Matalas apeza – Apezpikua

Matalas – Nere errespetuak, Jaun apezpikua…

Apezpikua – Egia da, jaun erretora, zutaz entzun dutana ?

Matalas – Hala daiteke, ez bada gezurtiek errana.

Apezpikua – Egia da, jazarri zirela erregeren manuari ?

Matalas – Jarraiki naiz ene kontzientziari.

Apezpikua – Obedientzia zor diozu lege zibilari.

Matalas – Salbu zuzenkontrakoari.

Apezpikua – Baduzu kopeta hola Jaun gobernadoreari oldartzeko !

Matalas – Eta hark ez ote, gauaz, niri, bi jandarma igortzeko ?

Apezpikua – Ukanen dituzu laster gobernadorearen berriak.

Matalas – Ez ditu nor-nahi mandatariak !

Apezpikua – Errespetua zor dautazu niri.

Matalas – Errespetua zor diogu elgarri.

Apezpikua – Apezak ez du behar politikan sartu…

Matalas – Lege bera da izanik ere apezpiku !

Apezpikua – Eman eta utzi Zesar-i berea…

Matalas – Xuberoa ez da Zesar-ena, baizik gurea !

Apezpikua – Zesar-ek ohointza egin badu, beretzat du makurra.

Matalas – Ez ote da hobendun ixilik dagon ate zakurra ?!

Apezpikua – Jesusek erakutsi dauku jasaiten.

Matalas – Jesus gobernuko gizonek kurutzean hil zuten.

Apezpikua – Jesusek ez du erran, handiak behar direla mesprexatu…

Matalas – Jesusek erran du ttipiak behar direla lehen zerbitzatu.

Apezpikua – Obedituko nauzula duzu hitzemana.

Matalas – Gizon obedientzia ez da zakur herrestena.

Apezpikua – Ez zira beldur Jainkoaren jujamenduaz ?

Matalas – Hala ninteke, ez banu axolarik nere Xuberoaz.

Apezpikua – Oldartzen zirenaz geroz, zure gain ondorioak.

Matalas – Badakit, Jauna, jada dituzula nere kartak joak !

Apezpikua – Agur beraz, eta ikas-azu izaiten umil…

Matalas – Zure laguntzaile, Jaun apezpikua, bainan ez zure esku-makil !!!

    (Apezpikua jalgitzen da. Matalas ixilik dago apur bat eta gero emeki) :

        Ainitzek badakite beren Herriaz baliatzen,

        Zenbaitek beren Herria zerbitzatzen,

        Arras gutik beren Herriarentzat hiltzen.