Beñat AmorenaEgilea: EKE | Data: 2009-11-13 | Elkarrizketaren hizkuntza: Euskara ''Libroki asmatu dut elezahar berri bat ''
Elkarrizketaren pasarteakBeñat Amorenak, 20 urte zituelarik, Parisera joan zen bizitzera. Bost urte iragan ditu Parisen musikari profesional gisa. Ondotik, Euskal Herrian, Errobi talde famatuan eta kantari askorekin ari izan da. Ikusgarri sortzailea da ere: abenduaren 20an, "Olentzero badator", 50 pertsonek osatzen duten sorkuntza garaikidea, eskaini digu Baionako kaleetan. 2009ko azaroan egin elkarrizketaren pasarte batzu hautatu ditugu. Baigorritik PariseraBaigorriko eihera batean sortu naiz, 59 urte ditut. Eskuin eta ezker ibili niz gazte denboran. Azkenik, 20 urtetan, Parisera joan nintzen eta han egon nintzen musikari profesionala gisa bortz urtez. Euskal Herrira itzultzeko gogoaEuskal-Herria gogoan nuen beti eta 5 urteren buruan itzuli naiz etxerat, herrirat. Bizitzeko, Parisetik landa berbenako (dantzaldietako) talde batzuetan parte hartu dut eta gero laster sartu nintzan Errobi taldean,1975ean, Anje Duhalde, Mixel Ducau eta Michel Halty basista zenarekin. Bestalde arizan naiz Euskal Herriko kantari askorekin, diska grabatzen bai eta zuzenean. Orai bateria irakasle naiz Landesetako konserbatorioan (1983 urtetik). Ikusgarri sortzaileAspaldidanik musikaria eta musikagilea naiz bainan egia da berrikitan hasi naizela ikusgarriak sortzen. Muntatu ditudan ikusgarrietarik, « Olentzero badator » hirugarrena da. Lehena « Jotakurri» izan da 2002an, Itsasuko Errobiko festibalarentzat sortua. Gero izan da «Ufaka Zanpaka» Uztaritzeko Hartzaro festibalarendako, Burrunka konpainiarekin eta Izartxo dantza taldearekin muntatua. Eta orain «Olentzero badator», berriz ere Burrunka taldearekin eta Mizel theret koregrafoaren inguruan ariko diren sei dantzari profesionalekin. "Olentzero badator": mitologian oinarritu kale-ikusgarri garaikideaEuskal kultur erakundeak galdegin daut ea sortzen ahal nuen kale-ikusgarri bat Olentzero gaiaren inguruan - (Baionako Herriko Etxeak, Turismo Bulegoak, Merkatal Ganbarak eta EKE-k lagundu sorkuntza) -, eta gogoeta labur bat egin ondoan, proposamena onartu dut. Mitologiatik nahi nuen bakarrik atxiki ideia nagusi bat : Olentzero heldu zela iguzkiaren itzultzearen iragartzera. Hortik abiaturik, libroki asmatu dut musikan eta dantzan oinarritzen den elezahar berri bat. Ikusgarri hortan, musika eta Burrunkaren soinua oso inportanta dira. 50 pertsonaiek (Erdi Arokoak, lurtarrak, estralurtarrak eta fantastikoak) zeharkatuko dituzte Baionako kaleak. Urte osoa pasaturik ari naiz lanean, argia eta ilunpearen arteko borrokan eta giro mistikoan oinarritzen den proiektu honetan, bainan irailaz geroztik talde handi bat ari da enekin : plastikari bat, margolari bat, dendari bat, burdingile bat, elektriziano-argiegile bat (argia oso inportanta da ikusgarrian), soinu-teknikari bat, Burrunka taldeko 15 perkusionistak eta 9 gaiteroak Uztaritzeko Pierre Hairak zuzendurik. Ahantzi gabe Mizel theret koregrafoarekin batean ariko diren 6 dantzariak. Abenduaren 20an, arratsaldeko 6etan, «Olentzero badator» kale-ikusgarriak 2 orduz Baionako kaleak inarrosiko ditu, 4 gunetan pausaldiak eginez (Cinq-Cantons plaza, Orbe karrika, Liberté Plaza eta Megadenda). Merkatuko plazan bukatuko da Iguzkiari omenaldi dantza bat eskainiz. EITB.com eta Euskal kultur erakundearen arteko partaidetza baten barnean egin elkarrizketa. Elkarrizketa pasarte batzu hemen daude ere irakurgai: www.eitb.com Argazki-erreportaiaArgazkia: Maite Deliart
XehetasunakEuskal kulturaren lekukoakEuskal kulturaren lekukoak diren artista edo kultur eragile batzuen lekukotasunak biltzen ditugu atal honetan, elkarrizketa moduan. Haietatik batzu entzun daiteke ere osoki MP3 formatuan. |