Eñaut EtxamendiEgilea: EKE | Data: 2010-02-04 | Elkarrizketaren hizkuntza: Euskara ''Ene gogoan, ardurenean, sorlekuko eremuetan nabil''
Elkarrizketaren pasarteakOfizioz laborantza ingenidore eta erakasle, Eñaut Etxamendi militante izan da Enbatan eta inplikatu da Herriaren garapenean. Larralde lagun, kantagintzan abiatu zen, eta eman zituen lehen kantaldiak Ez Dok Amairurekin. Kantugile izaiteaz gain, elelabur, eleberri, ipuin eta olerki idazlea da. Maiatz argitaletxeak haren idazlanen bilduma argitzen hasia da. Eskaini digun elkarrizketan, kontatzen digu Nafarroa Beherearen egoera 1960 hamarkadan eta bere ibilbidea. Laborarien krisia (1955-1965)Ez da gerla ondoan berehala hasi laborarien krisia gure tokitan eta 1955tik 1965a arte iraun du. Laborariak etsitzekotan ziren, ez zen berrikuntza oraindik hasia. Gainera, ez zen nehor heietaz axolatzen zenik, partikulazki frantses administrazioan. Ainitz sortze bazen, ez zen enplegurik. Orduan, tokiko jendeak lekutu behar zuen. Neskak joaten ziren neskato (sehi) hirietara, bereziki Bordelera eta Parisera, mutikoak aldiz, saldoka, Kaliforniara artzain bezala. Lastima izigarria zen. Herrian gelditzen zirenak ez ziren hobeki, etxean gelditzen zirenetan anitz geratu dira donado. Bithiriñara jin nintzelarik 1967an, 14 etxaldeetan mutil zahar bat bazen, segidarik gabe. Ingenidore ikasketakNik suerte gaitza ukan nuen ikasketak egiteko. Eskola pribatuetan egin ditut, ez zen errexa, ez baitzen bekarik ukaiten ahal. Frantziako Tolosan, Purpaneko goimailako eskola zorretan hasi nuen, hango jesuitek eskaini maileguarekin, lanean hastean ordaindu nuena. Enbatan militanteEgoera horretan gertatu zen Enbata sortu zela eta lehen militanteetan nintzan. Jean-Louis Davant, Joanes Goyhenetche eta hiruak ekarriak ginen adar ekonomikoan gogoetak egiteko. Bistan dena, bazterrak inarrosi nahi genituen eta gaizki ikusiak ginen. Enbata talde ttiki hortan, baziren, euskaldunak izanik ere, euskara ez zakitenak, Biarritzekoak, Baionakoak. Lehen kantaldiakAna Intxaustiren ezagutza egin genuen. Iparraldean, hura izan zen lehen kantaldien kudeatzailea eta haren bitartez ezagutu genituen Ez Dok Amairu Donostian, 1965-1966an. Lehen kantaldiak Ez Dok Amairurekin batean egin ziren. Egia erran, hasiak ginen jadanik Uhartehirin, Behaskanen eta Larzabalen. Idazlanen bilduma Maitz-enKantuendako Ana Intxausti aipatu baitut, nahi nuke sekulan ahantzia ez dadin izan Luzien Etxezaharretak egin duen lana, ezin sinetsizkoa. Maiatz sortu du beste lan guzien gainetik, zakutik edo zorrotik, ateratzen zen paperen pagatzeko, inprimategiaren harrapatzeko eta gehiago dena, idazleei lana eginarazteko. Segurrenik, ez nituen laurdenak idatziko Luzien ez balitz izan. Sorlekuko eremuetan gaindiBistan dena, Ezterenzubi ene sorterriak eragina ukan duela ene obra guzian, ez zaut iduri aise ukatzen ahal den afektiboki sortu eta bizi izan den lekua. Ene sorlekutik ikusten dira Orbaizetako mendiak, kasik negu guzian elurrez xurituak. Gero, kontrabanda lekua da, pasaia eta artzain leku, ihizi eta arrantza toki, naturatik hurbil eta, beste herriek ez dutena, urrun izanez. Libertate osoa bizi genuen. Etxeak barreiatuak dira eta auzoetako trukaketek bazuten halako poesia bat. Ez dut beste herri batzutan erromantismo sorta hori aurkitu. EITB.com eta Euskal kultur erakundearen arteko partaidetza baten barnean egin elkarrizketa. Elkarrizketa pasarte batzu hemen daude ere irakurgai: www.eitb.com Argazki-erreportaiaArgazkia: Maite Deliart
XehetasunakEuskal kulturaren lekukoakEuskal kulturaren lekukoak diren artista edo kultur eragile batzuen lekukotasunak biltzen ditugu atal honetan, elkarrizketa moduan. Haietatik batzu entzun daiteke ere osoki MP3 formatuan. Bideogela:
|