Denise OlhagaraiEgilea: EKE | Data: 2010-04-08 | Elkarrizketaren hizkuntza: Euskara ''Laboaren ondarea belaunaldi berriei pasarazteko garaia zen''
Elkarrizketaren pasarteakGazte koru zuzendariBadu orai 17 urte Donibane Garaziko Zitadelan eta Baigorriko Jean-Pujo ikastetxeetan ari naizela musika erakasten. Ezpeletan bizi nintzelarik, muntatu nuen haur koru bat, 12 urte iraun zuena. Ezpela dantza taldekoak ziren, denak neskak. Bi kolegio horietan haur koruak badira. Musika klasetik kanpo, atseden denboran, lau mailetako ikasle bolondresak biltzen dira. Polifonian bi edo 3 ahotsetan ikasten ditugu kantu batzu, gero urte bukaeran musikariekin zuzenean emaiten ditugunak. Garaziko Zitadela kolegioan 250 ikasle badira eta koruan baditut 80, Baigorrin Jean-Pujo ikastetxeko koruan 35. Kopuru handia da. Lana zailtzen du, denbora guti baitugu. Polifoniak behar dira harmonizatu 2-3 bozetan, bakarlari batzu ere badira. Beti presaka ari gira. Zaila da motibazioa mantentzea urte osoan, beste ikasleak jostetan ari direlarik, gu lanean ari baigira. Behar da ikasi ere proiektu batean engaiatzen eta bukaera arte irauten. Kantuaren gostuaHemen kantuaren gostua bada, oraindik sendi da. Ari da aldatzen, euskararen maila apaltzen edo galtzen ari baita. Urte osoan kantu guziak euskara hutsean emaitea ez da beti errex. Ez ditut baitezpada euskaraz lantzen. Proiektu batzu egin izan ditugu hizkuntza desberdinetan, hala nola urte batez Afrikako kantuak, beste batez dena ingelesez Beatles kantuekin edo espainolez Kubako kantuak landuz urte osoan. Entsaiatzen niz gostu emaitea hizkuntza desberdinetan kantatzeko gisan. Bistan dena, barnealdean izanez, entsaiatzen naiz euskarari garrantzia emaitea eta baloratzea. Jazz'in College egitasmoaEgitasmo hau sortu zen duela 20 urte Jacques Saury Pirineo Atlantikoetako departamenduan zelarik. Departamenduko hamar ikastetxe hasi ginen. Emeki-emeki emendatu da. Orai, Euskal Herriko partean 20 ikastetxek parte hartzen dute eta Biarnoan, Paue aldean, 40k. 2008an 'Itoiz kantatuz'Josean San Miguel Hendaiako kolegioko erakaslearekin proposatu ginuen bilkura batean oraiko belaunaldiei pop-rock musika ezagutaraztea eta bi kontzertu emaitea. 10 ikastetxe motibatu ziren, beste bost aparte egon ziren euskaraz kantatzea sobera zaila iduritzen baizitzaien. Abantxu 400 ikasleekin bi kontzertu eman ginituen, bat Donibane Garazin, bestea Biarritzen. "Laboa gogoan" kontzertuaProiektu hori ikasleei aurkeztu dugularik, Mikel Laboaren kantu batzu ezagutzen zituzten: "Txoria txori" kantu mitikoa bistan dena, "Gure bazterrak" irratian pasatzen baita. Bai, entzunak zituzten. Berriki hil baita, orai zen mementua ondare hori ezagutaraztea, belaunaldi berri honi pasaraztea. 200 ikasle kantuz ekainaren 11n BaigorrinAurten berriz ere Hendaiako (Lapurdi) Irandatz ikastetxekoak etorriko dira, Garazi eta Baigorriko (Baxenabarre) ene bi kolegiokoak eta ere Lekarozkoak (Nafarroa). Hauek duela bi urte parte hartu zuten "Itoiz kantatuz" proiektuan. Harreman gehiago badugu oraindik horiekin. Badu bospasei urte elkar ezagutzen dugula. Jinen dira parte baten emaitera gurekin, Laboa ikasten baitute ere. Herrikoia eta garaikideaLaboak hiru kantu mota baditu. Kantu herrikoia lantzerakoan, behar dugu gazteei ulertarazi ahozkotasuna zer den eta ahoz transmititu den kultura. Adibidez "Bereterretxen kanthoria" emanen dugu. Entseiatzen gira esplikatzea XV. Mendeko historio hori nola jin den gure gana. Bestalde baditugu kontzertuaren programan Bertolt Brecht-en itzulpenak "Gaberako aterbea" edo "Sorterriko koplak" Sarrionandiarenak. Lagunarte konpainiako musikariakBiziki kontent gira, Lagunarte konpainia hor izanen baitugu. Didier Ithursarry akordeioan arituko da. Parisen bizi da baina Baionakoa da. Gitarran Jean-Lou Corrihons, flautan Marie Hirigoyen, perkusioetan Kristof Hiriart eta metamaletaren zuzendaritzan. Laboa bezala euskara berreskuratuHalako egitasmoa antolatzerakoan, denbora eskasa sendi dugu. Hitzak ez ditugu aski esplikatzen. Ainitzek ez dakite aski euskaraz edo batere. Pixka bat azaletik ari gira. Euskal kultur erakundearen eta EITB.com-ren arteko partaidetza dela eta, elkarrizketa honen pasarte batzu hemen daude ere irakurgai: www.eitb.com Argazki-erreportaiaArgazkia: Maite Deliart
Xehetasunak
Proiektu hunen laguntzaileak: Pirineo Atlantikoetako Inspekzio akademikoa, Bordeleko Akademiako Errektorea, Akitaniako DRAC, Pirineo Atlantikoetako Kontseilu orokorra, CDDP, Pirineo Atlantikoetako Erakaskuntza Liga, Euskal kultur erakundea, Euskararen erakunde publikoa eta Baigorri Garaziko herri elkargoa. Euskal kulturaren lekukoakEuskal kulturaren lekukoak diren artista edo kultur eragile batzuen lekukotasunak biltzen ditugu atal honetan, elkarrizketa moduan. Haietatik batzu entzun daiteke ere osoki MP3 formatuan. |