Europako beste herrialdeei konparatuz, euskal literatura idatzia frango
berant agertu zaigu. Eskerrak aspalditik ahozko literatura bagenuela,
besteak beste bertsolaritza, gaur egun oraindik indarrean duguna. 1545ean
abiaturik, hiru mendez segidan, idazle gehienak elizagizonak izan dira. XIX.
mende erditsuan, laikoak ere idazten hasi ziren, eta orohar, euskal
literaturak fruitu ederrak eskaini dizkigu, bereziki narrazio eta olerkian.
Gaurko idazleek, euskara bildu eta aberats batean, gizarteko gai guziak
erabiltzen dituzte, pentsamolde eta sendimendu funtsezkoenak landuz eta
plazaratuz.
1545. urtea oso garrantzitsua da euskal literaturaren
historian, orduan inprimatu baitzen osoki euskaraz idatzi lehen liburua,
Bernat Dechepare, Eiheralarreko erretorearen olerki erlijiozko eta profanoen
bilduma.
Kasik mende bat berantago (1643an), Pedro de Aguerre, “Axular” deitu
Sarako erretorak, “Gero” liburua argitaratzen du, euskal klasikoetan
maisulan bihurtuko dena.
XVIII. mendea gramatikariena eta euskara goresten dutenena da : hauetarik
famatuena Manuel de Larramendi da (1690-1766), hizkuntzalaritzan egin zituen
ikaragarriko lanetatik ezagutua. XIX. mendearen bigarren erditik
goiti, euskal literatura laikotuko da.
1950eko hamarkadaz geroztik, Jon Miranden (1925-1972) eta Gabriel
Arestiren (1933-1975)
ildoari jarraituz euskal literaturak garapen handia ezagutu du. Gaur egungo
idazlerik emankorrenen eta trebeenen artean, hauek aipa ditzakegu : Bernardo
Atxaga, Gipuzkoako Asteasun sortua, “Obabakoak” eleberriaren idazlea (liburu
honek
literatura nazio-saria eskuratu zuen Espainian 1989an, geroztik 19
hizkuntzatan itzulia izan da), eta Itxaro Borda, “Euskadi” saria irabazi
zuena 2001ean, “100% basque” liburuarekin. Gaur egun, 1500 liburu
inguru plazaratzen dira urtero Euskal Herrian.