Mende honen lehen erdia markatu dute hiru olerkari hauek: Lizardi (José
Maria Agirre, 1896 - 1933), zarauztarra, olerki obra arras landua utzi
diguna ; Lauaxeta (Esteban Urkiaga, 1905 - 1937), frankistek fusilatu zuten
bizkaitarra; Orixe (Nicolas Ormaetxea, 1888 - 1961), “Euskaldunak” poema
epikoaren egilea. Ipar Euskal Herriak ere idazle trebeak ezagutu ditu. Jean
Etxepare medikuak (1877 - 1935) zernahi artikulu utzi
dizkigu bai eta bi liburu : “Buruxkak” eta “Beribilez”. Jules Moulier (1888
- 1958), Oxobi izenordeaz ezagutuak, bertsu, olerki eta hanbat artikuluren
artean, oroz gainetik “Alegiak” zoragarriki idatzi zituen.1950. urteaz
geroztik, idazleak gero eta gehiago izan dira eta euskal literaturak
harrigarriko garapena ezagutu du.
Lehenik gogora ditzagun Jon Mirande (1925 - 1972) eta Gabriel Aresti
(1933 - 1975). Ordurarte euskaraz idatzi liburuetan irakurtzen ez ziren gai
minberak ausartziarekin erabili zituzten. Azken berrogeita hamar urte
hauetako idazle emankorrenak aipa ditzagun: Iratzeder (Jean Diharce),
Txillardegi (José-Luis Alvarez Enparantza), Anjel Lertxundi, Joseba
Sarrionandia, Bernardo Atxaga, Joxan Artze, Juan-Kruz Igerabide, Joxantonio
Ormazabal; emazteetan hor ditugula: Arantxa Urretabizkaia, Itxaro Borda,
Mariasun Landa, Laura Mintegi, Arantxa Iturbe...
Bestalde, itzulpenak beti egin izan dira. Gaur egun, haur eta gazte
literatura bai eta mundu zabaleko idazle garrantzitsuen obrak euskaratzen
dira.