Herriz herri, Bixente Lohiague-n bilketa lana

Nafarroako Unibertsitate Publikoak galdegin dio Euskal kultur erakundeari obralari izatea Baxenabarreko herrien aurkezpena egiteko. Sei hilabete iraun duen lan hori Bixente Lohiaguek egin du. Bere lana azaltzen digu 2009ko ostailean egin ondoko elkarrizketan.

Bixente Lohiague (argazkia: EKE)

Zeren karietara eta zer helbururekin egin duzu lan hori?

Bixente Lohiague: Lan hau Nafarroako Unibertsitate Publikoak eskatua du. www.navarchivo.com webgunea antolatzen ari da : Nafarroako eta beraz historikoki Baxe-Nafarroako ondare inmaterialaren artxibotegi bat da sarean. Horren osatzeko, arduradunek bilketa lan izigarria abiatu dute Nafarroa guzian (argazki, bideo, elkarrizketa...). Misio honentzat aldiz, helburua herrien aurkezpen orokor bat egitea zen, herri bakoitzaren arkitektuaren, historiaren etabarren ikuspegi baten ukaiteko.

Nolako datuak bilduak izan dira eta nolako metodologiarekin?

Bixente Lohiague (argazkia: EKE)

Metologia aski erraza izan da : lehen harremana telefonoz hartzen nuen Herriko Etxeekin proiektuaren nondik norakoak azaltzeko. Ondotik, hitzordu bat hartzen nuen herriko kontseilari edo herrian ikerketan egin zituzten pertsona batzuekin. Elkarrizketa horretan, egitasmo osoa aurkezten nien helburuak ongi finkatzeko, gero pertsonek beren herria aurkezten zidaten. Mota anitzeko xehetasunak bildu ditut, datu demografikoak, geografikoak (mapak, mendiekiko kokapena, errekak…), toponimikoak, klimatikoak, historikoak, bibliografikoak. Indar berezi bat egin dugu informazioa ulert erraza izan dadin eta iturria argiki ager dadin. Fitxa hori, inguruko ondareari eta paisaiei buruzko xehetasun grafiko (argazkiak) zabal batzuz osatua zen, errealitatetik hurbileko aurkezpen baten eskaintzeko asmoz.

Zer baliabidetan oinarritu zara ikerketa horien egiteko?

EKEri esker, ikerketa fitxategietara aise iritsi naiz. Horrela, harreman arkeologikoak, historikoak edota geologikoak ukan ditut… Gehienetan DRAC Kultura zuzendaritzarentzat egin bildumak ziren. Anitzetan, monografia edo liburu orokorrago batzuek herrien historiak aipatzen dituzte. Liburu horien edukia laburbildu behar zen informazio desitxuratu gabe eta internautari ikerketak jarraitzeko gogoa emateko bilduma eta monografia horien bidez.

Herri batzuetan, zonbait jendek egin lanak badira sekula argitaratuak izan ez direnak. Herriko Etxeen bitartez, pertsona horiek beren lana ikertzeko baimena eman didate. Ondare inmaterialaren ideia horretan, garrantzitsua zen ere bilduma zientifiko huts horiek tokiko ahozko tradiziotik datozen ixtorioekin alderatzea. Ikusi ditudan pertsonek lan horretaz beren iritzia ematen zidaten lan horretaz, eta horrela osatu dut, pixkanaka-pixkanaka.

Zenbat herri aztertu dituzu?

Denetan 75 herri baziren. Baina hori, adibidez Ainhize-Monjelose herri elkartuak kontatuz. Bestela, lehengo parropietatik, 90 bat izanen ziren.

Datu horiek non ikus daitezke? Zer hizkuntzatan?

Datu horiek www.navarchivo.com webgunean ikusten ahalko dira martxo hastapenetik goiti, baina geroxeago, www.eke.org euskal kulturaren atarian edo Euskal kultur erakundean berean, hitzordua hartuz gero. Datu horiek euskaraz, frantsesez, gazteleraz eta ingelesez izanen dira.

Bixente Lohiague

Bixente Lohiague-k Soziokultura Animatzaile izateko formakuntza bat segitu du Bordeleko Michel de Montaigne Unibertsitatean. Bere ikasketen bururatzeko memorioarentzat, ondarearen alorrean lan egin du, bereziki ondarearen kudeaketaz eta Euskal Herrian, ondare horrek kulturaren gain daukan zereginaz. Ikerketa horrek ipar Euskal Herriko ondare alorreko eragile ezberdinak ezagutzera eraman du eta horrela, ondarearen batzordearen koordinatzailea eta arduraduna den Teresa Lekumberri-ren ezagutza egin du.

6 hilabeteko lana egin du EKEn 2008ko irailetik 2009ko otsailera Nafarroako Unibertsitate Publikoaren partaidetzarekin.

2009ko apirilean, Québec-era joan da urte bateko bidaia baten egitera eta hango kultura, usaiak eta ohidurak ezagutzeko, bai eta ipar Ameriketako kulturari buruzko iritzi baten ukaiteko, hango Euskaldunen aztarnen berriz atxemateko, eta alor profesionalean, bere ikuspegia garatzeko tokiko ikuspegiarekin alderatuz, eta bere kultura propioarekilako distantzia hartzeko.