[ Euskara  Français  ]
Xiberoko mendi baten izena izan arren (Muskildi), Elaudi taldea Lapurdi barnekaldekoa da (Itsasu, Hazparne, Lekuine). Euskal kantu eta musikaren uretan badabila 1997 urtetik geroz. Bidaietan kurutzatu kulturek eraginik, taldeak jarraitzen du hango eta hemengo musiketaz hazten(jitoen musika, Maliko bluesa, Kubako habanerak, Portugaleko fadoa,...), atzo eta gaurko euskal olerkariak lagun (I. Borda, Iratzeder, A. Oihenarte, B. Detxepare, X. Itzaina,...)
Elaudi taldea

Elaudi Marokon

ELAUDIK 10 URTE

2008an, taldeak hamargarren urtemuga ospatu du ; 10 urtez, Euskal Herriko baita ere Euskal Herritik kanpoko hainbat plazetan ibilia da (Québec, Bretainia, Frantzia, Bartzelona).
Preseski 2007an, bi proiektu nagusirekin ibili da taldea :
-    Bata Euskal Herrian, Xiberuan,
-    Bestea, Euskal Herritik kanpo, Marokon.
Bi epe hauen bilduma baita ere taldearen biziaren lekukoa izan nahi du 10 urteetako DVD/KD horrek.















AGORRILAN , MAROKON :

Elaudiko kideak Marokoko Atlaseko Tighza herrirat joan dira, Hazparneko Soinubila musika eskolako  15 bat gazterekin (14-17 urte artekoak).
Helburua : Marokoko Atlaseko Kenifra herriko musikari gazte batzuekin trukatzea, musika taillerrak Tighzako herrian antolatuz. Bi aldeetako musikari gazte horiek herriko tresnak lantzen dituzte beren musika eskoletan. Parez pare izan ditugu beraz :
o    Trikitilariak,
o    Txistulariak, 
o    Pandero joleak,
o    Lauta joleak,
o    Bendir joleak,















Bi herrialdeetako errepertorioak parezkatu ditugu eta, musika horien arteko nahasketak egin dira.
3 sail desberdin landu ditugu :
-    Dantza musika,
-    Karrika musika,
-    Kantua.

Hamar egunez elgarrekilako tailerrak antolatu ditugu, denen arteko emanaldi baten plantan ezartzeko. Emanaldi hori egonaldi bukaeran egin da, M'rirt hirian, 200 bat jenderen aitzinean.












Marokoko egonaldiaren helburuak :
-    Musika lantzea, musika tresnak deskubritzea ;
-    Beste musikariekin jotzea ;
-    Musika sorkuntza lantzea ;
-    Publikoaren aitzinean aurkeztea ;
-    Herri bat, kultura bat ezagutzea ;
-    Euskal Herriko gazteei Euskal kulturaren kontzientzia emaitea.


Tighza, Atlaseko amazigh herria :
2000 biztanleko herri hau, Marokoko ekialdean, Atlas ertainean, Meknes-Tafilalet herrialdean kokatua da. “Amazigh” edo berbero kulturaren bihotzean. Aukera bat beraz kultura aberats baten ezagutza egiteko eta euskal eta berbero kulturen parezkatzeko.
Maroko edo “Al Magrhib al aqca’” (“Mendebalde urrunena” arabiarrez), mendebalde, ekialde eta afrika arteko topagunea da. Hiru eskualde horien arteko nahasketa baten ondotik sortu da Amazigh kultura eta musika, forma esberdinak hartuz.
Maroko, Arabiar herriia : Arabiar-andaluziar  musika han plantatu da eta han garatu.
Maroko, Amazigh herria : “Amazigh” musika, Marokoko jende gehientsuen musika herrikoia da.
Maroko, Afrikar herria : Afrikak bere erritmoak eta errituak gehitu ditu (“Gnawa” musika adibidez).
Hainbeste iturrirekin, musika tresna ainitz dira ere ezagutzeko:
o    “Kamanja” : Zurezko Arrabita mota bat.
o    “Ganbri” : Zurezko gitara mota bat 2 edo 3 sokekin, mota ezberdin ainitz atxemaiten dira.
o    “Rebab” eta “Oud”
o    “Bendir” eta “tebilats” : pandero motak
o    “Taarija”, “Derbukaa” eta “Guedra”
o    “Karkabat” : burdinezko perkusioak
o    “Nira” eta “Ney” : bi flauta mota.

Musika esberdinak, soinu tresna ainitz, lotuak zazkoten dantzak eta erritoak :  kultura zinez aberatsa eta aberasgarria dugu bi astez ezagutu eta euskal kulturarekin nahasten entseatu.


Euskal Herriko taldeak Marokon harremana izan du Atlas-eko elkarte bateko kide eta gazteekin. Elkartea Tighza Atlas pour le Développement deitzen da. Elkarte hau amazigh edo berbero kulturaren garapenean ari da, hainbat ekitaldi antolatuz.
    Egonaldi denbora osoan, arte plastiko tailerra animatu du Brigittek. Xabier Itzaina eta Marie Hirigoienek gainera mintzaldi bat eskaini dute Euskal Herriko kantagintzaz, dantza eta dantza musiketaz.

Bidaiaren dokumental bat plazaratu dugu, Denborarena KDarekin batean. Horren osatzeko,  Aldudarrakeko kide bat taldearekin ibili da egonaldi guzian, kamera pizturik ahal bezainbat irudi eta soinu hartzen.




















Azkenik bidaiaz baliatu gira hango musikarien elkarrizketen egiteko. Elkarrizketen ardura izan dute :
-    Elaudi taldeko kide den Xabier Itzaina ; hau Bordeleko unibertsitateko ikerlaria da eta bestalde Euskal Herriko dantzetan aditua.
-    proiektu honetan parte hartuko duen Marie Hirigoien : saihetseko flauta jotzen du eta aldi berean etnomusikologoa.


IRAILAN, XIBERUAN :

Proiektuaren bigarren atalak Elaudi Müsküldirat eraman du, hain zuzen, Oxkaxeko leporat, han kokatzen baita Elaudi izeneko mendia, San Antoni kaperaren parean. Taldeak, 10 urte ospatzen zituela ta, hirugarren zuzenezko diska grabatu du, Elaudi ttonttorraren ondoan den San Antoni kaperan.
Aste bateko preparakuntza eta zuzenezko bi emanaldiz iragan da grabaketa 2007ko agorrila ondarrean.
Diska Denborarena deitzen da eta taldearen hirugarrena da.