Xabier Itzaina

1971an sortua, itsasuarra. Ogibidez unibertsitateko ikerle da. Sei urtetan hasi zen herriko dantzari multxoan, eta zortzi urtetan txixtuari lotu. Herriko dantzariak luzaz lagundu zituen – eta hala segitzen du – “ttunttunero” bezala, eta tokiko dantza jauzien bilakaera ere hein batean miatu. Bertzalde, gitarrarekin, 17 urteetan rock-folk talde batean jo zuen Itsasun. Kantari bakar batzu ere baditu lagundurik eskuin eta ezker, dizka eta ikusgarri zonbeitetan parte hartuz (Ezpela korua, Euskal dantzak, Aritzak, Xirula Mirula eta Ixtorio mixterio...). Dantza taldeeri esker, jotzen du Polonian, Errusian, Turkian, Hongrian, Holandan. 2000 urtean sartu zen Elaudi taldean, eta geroztik hor dabila gitarra akustikoa, xirula eta ttunttunarekin. Azken urte hotan, jazz eta manouche musika lantzen entseatzen da, ikastaldi zonbeit segituz Parises eta Bordeleko multxo batekin. Europa ekialdeko eta Magrebeko soinuer ere gero eta gehiago interesatzen da.

