Erakusketaren estreinaldia, martxoaren 8an antolatu zen, Emaztearen Egunean hain xuxen. Bederatzi emazte artista elkartzen dituen erakusketa hunen helburua da, Ipar eta Hegoaldeko Euskal-Herriko emazteen ikuspundutik, garaikideko sorkuntza artistikoa eskeintzea. Sorkuntza mota desberdinak aurkezten dauzkigu, Anne Broitmanen potreta koadroetatik, Baxe-Nafarroko errekak zeharkatzen dituzten zubietara, Odile Lascaray-en zur zizelkaduretatik, Béatrice D.-ren tindu abstraktuetara.
1950 urteetan, Arte Gordinaren lehen orenetako Robert Tatin-en ondoan zen Colette Dubuc-ek, zizelketa bereziak egiten ditu, abarrekin eta itsasoak itzuli zurekin.

Celia Eslavak aldiz, jantzi eta oihalkien sinbolismoari buruz dituen kezkak adierazten dauzkigu.
Colette Rousserie-k, zeramikazko objektuak aurkeztuz, Amazoniako artea goresten du, Josette Dacostak, obra abstratuak eta figuratiboak modu koloretsuz sortuz eta Ana Izurak, eztitasun handi batez, hirian den natura indartsuari dei egiten du.
Baina, hain segur, Donibane-Garaziko Herriko-Etxean, Donostian lan egiten duen Beatriz Churruca-ren "+SOMA" kuboak ohoratuak izan ziren.

Bere kuboek dute gehienik adin guzietako publikoa adi atxikiko : plastikazko zazpi poltsa, jantzi zaharrez mukurru beteak, forma guziak desberdinak eta bakotxak bere kolore nagusia. Izari erraldoi batean, 1936an, Piet Hein, Danimarkako idazleak, asmatu zuen Soma kubu famatua itxuratzen dute. Sumoaren jokoa da, bata bestearen barnean kokatuz, kubo osoa sortzea, bainan ere, eginez eta deseginez, kokapen multxo mota ainitz sor daitezke. Gainean jarriz edo eseriz, uzkaliz, kuboak higituz, arte obra batekin jostatzeko parada da, haurrentzat bezaintzat, helduentzat.
Iruñan sortua, Beatriz Churrucak, arte-plastikak, Barzelonan eta Salamankan landu ditu. Bere artearen bidez, naturari eta gure kontsumo-gizarteko nahasmenduari buruzko gogoeten adieraztea xedea du : hondarkinen metatzea, xahutzea eta berziklatzea.
2004ean da abiatu kubo egiten, Donostiako San Telmo erakustokian, auzoko haurren laguntzarekin, kubo handi bat sortu duelarik, higatuak ziren kolore desberdinetako jantziz beterik.
Jarraitzen duen proiektu baten hastapena izan zen, jokoa, artea eta ingurumenari buruzko kezka pertsonalak uztartuz. Kubo batzuk, Euskal-Herriko gune desberdinetan, erakusketa eta kultur proiektuen gaia egin dute.
"SOMA"-k, 2007an, Gipuzkoako Diputazioak antolatu sortzaile gazteen arte leiaketako lehen saria izan du eta zonbeit astez, Donostiako "Koldo Mitxelena" kultur etxean agertu da.
Idatzi artikulu bat