2011/04/02
Ni, ur gazi eremu handia naiz ; planeta eremuaren %75a enea da. Enekin, denbora goxoak pasatzen dituzue: igeri egiten, arrainak begiratzen… Baina ba ote dakizue zer bizitzen dudan egunero?
Lehenik, azpimarratu nahi nuke arrainez betea naizela. Horiekin ongi moldatzen naiz nahiz eta batzuetan kilikatzen nauten. Jakin behar da ere milaka arrain ttipiren amatxia naizela. Haur irringarri horiekin dantzatzen dut, ene uhinen joan-etorriari esker.
Baina zer izango nintzateke arrainik gabe?
Koralek eta algek ene bihotza alaitzen dute, oso ongi janzten nautelako. Horrez gain, janaria ekoizten dute ene lagunentzat eta horiek ere dantzatzen dute. Gainera, algek maiz jendeari beldur ematen diote. Ni pozik naiz, ene pausa bakean egiten ahal dudalako.
Baina zer izango nintzateke landarerik gabe?
Aitortu behar dut ere, egunero gauza desatseginak bizitzen ditudala.
Ez dakit zer gertatu den, baina ene bizian, beltza izana naiz. Ohartu naiz kolore ilun hori kaltegarria dela ene adiskideentzat; milaka eri eta hil egin ditu. Entzun dudanez, substantzia hori petrolioa da. Beregatik, igerilariek, arrainek, landareek, ez naute maite. Oihukatu nahi nuke ez dela ene falta, lehorrean daudenena baizik.
Baina ez nintzateke garbiago petroliorik gabe?
Ene lagunetarik at, bisitari batzuk ditut. Gehienetan, koloretsuak dira eta urteak pasa arau marroitzen dira. Usain txarra eta kea hedatzen dituzte ; horretarako batzuetan « Atxis » handiak botatzen ditut. Izurdeen irudiko, barku urperatuak dira. Enekin bizi diren guziak beldurtzen eta aspertzen ditu ; horien etxeak hausten dituelako.
Baina ez nintzateke goxoago barku urperaturik gabe?
Badakit galdera guzi horiei erantzuten ahal diezuela ; eskatzen dizuet gogoetatzea. Proposatzen dizuet antolaketa bat : zuek ez nauzue gehiago kutsatzen eta nik proposatzen dizuet lasai uztea bizi osorako. Ados?
Eztitxu BERHO
Nork: Eztitxu BERHO.2011/04/02
Gaiak:
hitzaditza2011
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2011/04/02
Itsasoan, urrunean, urezko desertuaren erdian, bakarrik, galdurik gaude… Badirudi, gure ontzia zelai zabalaren erdian den inurria dela, noraezean… Gure ezkerraldean, eguzkia apaltzen hasi da, itsasoaren gibelean gordetzeko prest, uraren azalean isla arrosak eta laranjak agertzen utziz. Irudi hau izugarri ederra da eta nire memorioaren barnean gorde nahi nuke, baina seinale txarra dakar ere. Hain zuzen, honek, gau ilunaren sakonean barna sartuko garela erakusten digu...
Ilun beltzenean, ihesean, beldurrak barnetik jaten gaitu. Denok dakigu gustuko ez duten hitz bakar bat ahoskatzea aski izanen dela zaku bat bezala uretara jaurtikia izateko, itotzera kondenaturik. Gure artean inork ez du zinez itsasoa ezagutzen, laborari xume batzuek osatutako herrixketatik gatoz eta... Miseria gorritik ateratzen saiatzen laguntzen gaituztenek ontzira igotzerakoan geneukan guztia hartu ziguten, eta oraindik haien esku da gelditzen zaigun azken ondasuna: bizia.
Garraio medio bakartzat dugun honetan sartzean, gure duintasuna ere galdu genuen. Denak ontzi txikiegian metatu ginen. Azken finean, hain gaude tinkaturik non norbaitek goiti botatzeko gogoa daukanean ere ezin dugun aski laster antolatu bazterrera pasatzen uzteko. Honelako gertakariengatik batez ere, gure sudurretaraino heltzen diren lurrun usaintsuak geroz eta jasangaitzagoak dira. Gureganatzen lortzen dugun aire garbia altxorra da... Baina ez dakit zeren eskasa dudan gehien sentitzen, aire freskoa ala ura?
Lurra uzterakoan, toki eskasia handia zela eta, ezin izan genuen ur gozo tantarik ere ekarri. Hala ere, plastikozko ontzi gutti batzuk hartzea lortu genuen. Hauei esker, ura berreskuratzea lortzen dugu, edangaitza eta minutu luzeez itxoitekoa izanik ere, gure bizirik irauteko esperantza ahal bezainbat emendatzeko.
Erran gabe doa, ontzi gaineko epe laburreko biztanleok elikagairik ez dugula, pasatzaileek salbu, bistan dena...
Iragan egunean, nire tokitik hurbil kokatua zen neska gazte bat zendu zen. Burasoek haiekin atxiki nahi izan arren denok uretan bukatzeko mehatxupean, gorpua uretara bota behar izan genuen. Azken hau, ura urdin gardena zenez, pixkanaka zolarantz jausten ikusi genuen. Irudi hauek oraindik ez ditut burutik uxatzen lortzen. Hor dira, gogorki loturik, une larrienak ere suntsitzen...
Pasatzaileek diotenez, hain luzaz amestutako unea laster helduko zaigu: Europako zolaren hunkitzea... Baina, denoi oraindik urrun iduritzen zaigu, eta nork daki azken metroa arte zer gertatzen ahal zaigun? Azkenean, ez ote gara han ere, jatorrizko herrixkan bezala, milaka besterekin miseria gorrian bizitzera kondenatuak...?
Oihana BARRENQUY
Nork: Oihana BARRENQUY.2011/04/02
Gaiak:
hitzaditza2011
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2011/04/02
Gaur egun ere oroitzen naiz aitak proposatu zidalarik berekin bakantzetarat joatea. Zer poza sentitu nuen une horretan ! Biok, bakarrik, itsasoaren erdian… Hogei urte pasa dira eta oraindik momentu zoragarri horiek gogoan ditut.
Bakantzak Donibane Lohizuneko portuan hasi ziren benetan. Egun zoragarria zen, eguzkitsua eta goxoa, hots egun bikaina gure abentura hasteko. Abiatu ginen portutik itsaso alderat.
Lurra urrunean ageri zen eta arratsalde honetan kostaldea segitu genuen Espainiako portu bateraino eta nire lehen gaua izan zen itsasontzi gainean. Biharamunean Espainiaren hegorantz segitu genuen eta ondorengo egunean ere bai. Egun horietan aita miresgarriena nuela pentsatzen nuen. Lana bazterrerat utzi zuen behin batentzat eta berak erabaki zuen bakantzetarat joatea. Ai zer poza berekin egotea egun batzuez, bakarrik, inork trabatu gabe! Halako batean, itsasoaren erdian ginela, aitak itsasontzia gidatzea proposatu zidan. Inguruan nehor ez zegoela ikusita, plazer handiz onartu nuen bere eskaintza eta horrela, itsasontziaren kapitaina bilakatu nintzen. Hastapenean izututa nengoen, baina usatu ondoren, itsasontzia menperatzen nuela iruditzen zitzaidan. Aitak ez ninduen behin ere lagundu eta horrezgain munduko kapitainik hoberena nintzela gehitu zuen. Biharamun goizean, portutik ez urrun ginela eta, urperat itzuliño bat egitea proposatu zidan eta nik, inongo dudarik gabe, maska eta hodia hartu eta urerat jauzi egin nuen.
Segundo batzuk berantago, aitak berdin egin zuen eta ur azpiko munduaren bisita hasi genuen. Ametsa baino gehiago, paradisurat heldu nintzela pentsatu nuen. Milaka arrain denetan, txikiak, handiak, lodiak, berdeak, gorriak, zuriak… Eta landare mota pila bat ere bazen. Maleruski, fite sartzeko tenorea etorri zitzaigun, baina amari bakantza zoragarri hauek kondatzeko irrikitan nengoen. Donibane Lohizunerantz sartzen ginela eta, Espainiako kostaldea segitzean, izurdeak hasi ziren gure segitzen. Hasieran, bizpahiru agertu ziren eta bukaeran hamar bat izurde ari zitzaizkigun itsasontziaren ondoan jauzika. Gertaera hori bakantzen bukatzeko manerarik hoberena izan zen eta segidan aitaren besarkatzerat joan nintzen bere eskertzeko. Bi egun berantago, Donibaneko porturat iritsi ginen eta itsasontzia lotu bezain laster, lurrerat salto egin nuen eta lasterkan, amarengana abiatu nintzen. Bakantzak xehetasun guzietan kontatzen hasi nintzaizkion. Bukaeran aitarekin denbora gehiago pasa nuela esan nion eta hurrengo udan berriz abiatu ginen itsasontziz, amarekin aldi honetan.
Naia ANDUEZA
Nork: Naia ANDUEZA.2011/04/02
Gaiak:
hitzaditza2011
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2010/05/29
[+] Testuaren irakurketa bat entzun!
Azken aldikoz nintzen Siziliako gazaitaren ikustera joan. Hogeita bat urterekin hasi nintzen haren esku lan egiten: izigarri goiz, sobera goiz. Hainbeste lan, hainbeste zerbitzu, hainbeste erokeria... Orain, hogeita bederatzi urte ditut jadanik eta leporaino asea naiz txorakeria guzi horiez.
Italian mafia mundu hortarik ateratzea erabaki dut, behin betikoz, urrikirik gabeko mundu krudel hartarik ihes egitea. Ez da manera anitz helburu hortara heltzeko, jakina baita ezinezkoa dela, hilkutxa batean izan ezik.
Hortako dut enekin heriotzatik salbatu nauen maleta hau, etengabe tik-tak-tik-tak erlojuaren gisara kantuz ari den altxorra. Ene ihes plana fresko-fresko eta argi dut arras, berrehun bat aldiz errepikaturik, Don Sallozoren eta familiaren egoitzara etorri aitzin. Familiako beste kideak laneko daitezke tenore hontan, Lwigi barmana, gazaita eta haren emaztea salbu. Atetik sartuko naiz, Lwigi agurtu eta berehala Sallozoren gelara joanen naiz. Han nago. Atean jo, eta gazaitaren baietzaren ondotik sartu naiz. Ni naizela ikusirik kadiratik altxa eta niregana dator umore alaian.
Maleta erakusten diot, eta zokoko armairupean uztea manatzen dit, ustez eta atzoko lan tzarraren etekinak direla. Ene ordularia lehergailuaren arabera programatu dut: hamarrak eta hogeita bostetan lehertu behar luke. Laurden da. Jartzera gomitatzen nau, hitz egin behar didala erranez. Presan naizela erantzuten diot, baina, bost minuturena dela zin egiten dit. Jartzen naiz. Harentzat egin ditudan lanak ahoz zerrendatzen hasten da.
Bere esker onak eman dizkit… ene bihozberatasuna azpimarratuz... familiaren geroa aipatzen hasten da… luzatzen da... Ordularia begiratzen dut: hamarrak eta hogeita hiru.
Izerdiz trenpan nago, eta joan behar dudala erraten tematzen naiz, kadiratik altxatuz, baina jartzeko agintzen dit, gauza garrantzitsu bat proposatu behar didala, minutu batena ere ez dela. Hauturik ez dut. Hogeita lau...
Ene ekintzen zehaztasuna goraipatzen du... Hogeita hamar segundo... nigan konfiantza osoa du... berrogei segundo… badaki dena eginen nukeela familiaren onerako… berrogeita hamar segundo... semerik ez du… berrogeita hamabost... baina kasik hala naiz harentzat. Berrogeita hemeretzi... bere segidaren hartzea proposatzen dit... hogeita...
Bixente LUKU
Nork: Bixente LUKU.2010/05/29
Gaiak:
hitzaditza2010
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2010/05/29
[+] Testuaren irakurketa bat entzun!
Gizonen egutegian hogei urte ditut eta pikondoa deitzen naute. Nik eta ene aitzinean dagoen aulkiak adin bera dugu ; zenbat maitemindu ez ditut ikusi aulki honen gainean elkar musukatzen! Bederen hogei bat eta leialenen istorio sekretuak egunero kontatuak zaizkit.
Dudarik gabe gehien gustatzen zitzaizkidan egunak asteazkenak eta asteburuak direla, haurren irri zaflak egun osoan entzuten ditudanean. Bizienak noiztenka ene adarretara igotzen dira eta ustekabean, batzuk erortzen badira upela bete negar egiten dute.
Urtxintxekin bederen lasai naiz, ez dira inoiz erortzen. Denbora berean beldurtuak gara, ez badiot haize boladari eusten bi urtxintxa familia aterbe gabe bilakatzen dira. Orduan ekaitz egunetan haien arima beldurtuak nirearekin batzen dira indarra ukan dezadan.
Udaberrian gaude eta usaian udaberrian urtxintxak axolagabeak dira, baina gaur iduritzen zait urduri direla. Nahiz astelehena izan jende multxo bat inguruan daukat, haien parean, herriko segalariak. Haurrek dakartzaten iragarkietan idatzia da : "Parkea ez hunki !" eta "Parkea zutik utzi !" Haien burasoen oihuek segalariei buruz beldurtzen naute, baina sentimendua dut ene defenditzera etorri direla.
Iduritzen zait, parke honetan ez banaiz luzaz geldituko ere, jende horien baitan betirako geldituko naizela.
Laetitia Aizpuru eta Iban Mediavilla
Nork: Laetitia Aizpuru eta Iban Mediavilla.2010/05/29
Gaiak:
hitzaditza2010
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2010/05/29
[+] Testuaren irakurketa bat entzun!
Ttipi-ttipitik, kartetan aritzea da ene denbora pasa maiteena. Aritzearen bortxaz, joko parrasta bat ezagutu ahal izan dut.
Batzueri gustatzen zaie sosaren pariatzea. "Adrenalina gehiago igaiten zait" erran zidan behin lagun batek. Baina nik nahiago dut dirurik gabe, irabazteak berak ematen baitit aski adrenalina. Maite dut jokakideak kexatzen direlarik galtzearen bortxaz. Maite dut deskubritzea nor den galtzaile txar. Eta sustut, sustut, maite dut etsipenaren ikustea haien aurpegietan.
Euskal Herriko jokorik politena musa dela iduritzen zait, bi arrazoinengatik. Alde batetik, musean jokalariaren maila xantza bezain inportantea baita, eta bestalde museko keinuak kodigo unibertsal bilakatu direlako.
Ene lehen neska-laguna mus partida batean ezagutu nuen. Ostatu batean izan zen. Begiz adierazi nion hogeita hamaika nuela, eta bi errege ikusi nituen haren ezpainetan.
Ondotik, fite joan ziren gauzak: bere pare bikaina erakutsi zidan eta hordago eta kantaka bukatu genuen gaua.
Baina ez dut maite bi partida jokatzea bikotekide berarekin beraz gure harremana hartan bukatu zen eta hark negarrez pasa zuen goiza.
Geroztik, neska-lagun anitz ezagutu dut. Maite dut haien hastapeneko erresistentziaren haustea. Maite dut gau batez haien jaun eta jabe senditzea. Eta sustut, sustut, maite dut biharamun goizetan etsipenaren ikustea haien aurpegietan.
Gazte denborako zenbat oroitzapen...
Orain, zaharra naiz, bakarrik bizi naiz Baionako apartamendu ttipi batean.
Orain, hogeita hamaikarik ez da.
Mattin LUKU
Nork: Mattin LUKU.2010/05/29
Gaiak:
hitzaditza2010
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2010/05/29
[+] Testuaren irakurketa bat entzun!
Gorputz osoa musikaren erritmoaren menpe daukat, jende multzoaren mugimendua segitzen dut kontzientziarik gabe. Kolore biziek itsutzen naute, begiak hesten ditut musika hobeki gozatzeko. Gau batentzat, Patxi, lagun minaren egongelak diskoteka itxura hartu du.
Izerdi patsetan naizela ohartzen naiz hor dauden lagun guziak bezala funtsean. Ez dut inoiz hainbeste dantzatu. Xoria bezain aske senditzen naiz. Tipustapan, mila izar ikusten ditut eta jakin gabe nola, kadira batean aurkitzen dut ene burua. Iduritzen zait azken tragoa soberakina zela!
Bat-batean, haurtzaroko irudiak heldu zaizkit burura : amaren altzoan senditzen nuen segurantza, biziko lehen esperientziak, lehen aldikoz errota ttipiak gabe bizikletan ibiltzen jakin dudalarik, Mariari eman lehen musua eskolako aterbean, lagunekin erre dudan lehen zigarreta, ezagutu lehen bestak eta aitak eman alimaleko zaflakoa mozkor arraila nintzela, sexualitatean egin lehen urratsak, lehen irri zaflak eta malkoak...
Eta gaur zer? Urrun da inozotasunaren eta xolagabekeriaren denbora! Gogoetak zirimolan ari zaizkit. Zer egin ene biziaz? Ikasketak segitzeko aski diru ukanen ote dut ? Edo ene aitaren lantegi tzarrean lan egin beharko ote dut? Familia bat ukanen ote dut?
Sorbalda tinkatzen didan esku batek errealitatera berriz tanpez jinarazten nau. Patxik, ongi senditzen naizenez galdetzen dit. Zutitzen naiz kolpez.
Bai, ongi senditzen naiz. Bai! Gaur hogei urte ditut.
Luxi Lavielle eta Eva Mutio
Nork: Luxi Lavielle eta Eva Mutio.2010/05/29
Gaiak:
hitzaditza2010
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2009/04/08
Galdatzen zioten: ez al duzu sekula aski? Doi bat ahalke eta burua makur, ez, alor
horretan bederen ase ezina zela ihardesten zien, begia ortzaiz lainoetan galdurik:
-Zergatik bat, mila dauzkagularik eskumenean?
-Baina hizkuntzak erraza behar du gehiengoarengana heltzeko. Ez zara nolanahika
jostatzen ahal mintzairarekin, eredu zehatzak badira, derrigor errespetatzekoak. Ez
duzu nehoiz deus ulertuko!
Lagunen grina jabal ez zezakeen.
Legerik eta jainkorik ez zeukan eledia inguruko erdarekiko lehiaketa batean
sarrarazten saiatzen zirela ikustea bitxi zitzaion. Zer zen bada hitzen garbitzeko,
baztertzeko edo bakuntasunean finkatzeko joera hori? Bazekien, modelo bakarra
orraztatuz, jakintsuak hizkuntza komun eta partekatuaren egiten zebiltzala.
Ez zuen begiko ezpainetarik zetorkion musika aitorren hizkuntza deitzea.
Aitorrena bezain alabaina Maiderrena ere zelakoan. Gainera argi zegoen hondar
mendeetan, gizonezkoak botere eta indar bila abiatzean eremua desertatuz geroztik
euskarari ama-mintzoa deitzen zitzaiola eta adiztegiaren transmisioaren zama
emazteen bizkar zetzala. Nork uka zezakeen errealitatea? Haurrak eta amak ziren
hondarrean euskararen etorkizunaren arduraren eskumakila hautatuak, izendatuak,
hobetsiak.
Haur eta emazteekin jendarteak zegien bezala obratzen zuten euskararekin:
dena bekatu zen, dena debekatua, erdarakadak eta barbarismoak, euskalkietarik
zetozen bitxikeria harrigarriak barne. Larderiatsu agertzen ziren zuzentzaileak, dogmaren zaintzaileak eta mistikaren begirale kanonikoak. Hizkuntza alorra
herriaren funtsezko nortasunaren ispilua zatekeen, zinezko borroka zelai bat.
Nola jabalduko zuen bada lagunen grina?
Bere baitan zeraman mintzaira buhameen tupina baten pare irudikatzen
zuen. Han eta hemen ikasi, bildu, idatzi hitzak eta aditzak erabiltzen zituen, aitzin
iritzirik gabe, zeudelakoan zeuzkala oniritziz. Etxekoari, exiliokoa eransten zion,
arbelezko hegatz ilunen herrikoa eta Gaztelugatxera igotzeko premiazkoa zuena.
Nahasketa ederra sortzen zitzaion ahosabaian. Noiztenka ez zekien nola konpondu
hainbeste aukeraren artean, guzti-guztiak beharrezkoak zituela pentsatzen
bururatzen zuela.
Euskara, anitzek, zaharkeriatzat zeukaten baina oinarrian Babel pilpiratsu bat
zen. Irekitasun minbera bat. Hizkiak sokaz lotzen ez baldin bazitzaizkion hegalda
zitekeena ahotik ahora, hostotik hostora, hortzetik hortzera. Noski, zioen goraki,
lagunek gaizki har ez zezaten, euskara batuaren garrantzia ez zuen gaitzesten,
alderantziz, batuak euskalkien esku-zabaltasun ironikoa bereziki zaintzekoa zuela
sinesten baitzuen: lekua egin, onartu, baietsi, ezberdintasunak perpausetan luzatu ez
Axularrek bezainbat, baina kasik.
Mintzaira izerdi, kemen, ziprina eta kokinkeria eske zebilen. Hatsa trenkatzen
zihoakion trinkoegi mozturiko bere igandeko arropa aberatsean. Airea, airea
oihukatzen zuen, ez nazazuela erabat normaliza, bestela normak hautsiko ditut eta
zintzurrak urratuko dizkizuet...
Hitz egin zezakeen orduan hizkuntzak hiztegiez haratago?
Eztitasun mineralarekiko irria marraztu zuen : ahaztuten jaku, mundua
nerakutsan, maite neban, eleak bagüntü, hemen naukan, emango deustazuz?
Bizitza bizigarriaren dantza zen.
Itxaro Borda
Maila: Euskaldunak
Nork: Itxaro Borda.2009/04/08
Gaiak:
hitzaditza2009
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2009/04/08
Oraiko gazteak, gaizki ikasiak dira, jendetasunik ez dute, ez politeziarik, ez eta ere
zaharragoentzat errespeturik... Lasai, jende onak eta gazteak ! Hori ez da nire aburu
eta iritzia, baina Platon filosofo handiak duela hogeita bost mende idatzi zuena.
Geroztik mendez mende errepikatu dute Platon izan zenik jakin gabe, hola
pentsatzen zutelako. Meteorologia zaharrari pentsarazten dit : azaroan zinez euri,
abenduan Eguberri… Gure gaira itzuliz, inor ez da ikasirik sortzen. Haurtzaroan
eta gaztaroan ikasten dugu, baita gero ere beti zerbait, bizitza guzian, aleman
mediku baten izena dakarren eritasun batek harrapatzen ez gaitueno : ahal bezain
berant etor dakigula, eta ahantzirik utz ere...
Batzuetan konplimenduz erraten didate beti gazte naizela. Ez dut onesten, bi
arrazoiren gatik : lehena, ez dela egia ; bigarrena, urteak bezala bizitzak bere lau
urtaro eta sasoiak dituela, beharrezkoak, ezin baztertuak ; eta bere gisan bakoitza
ederra da, onartzen dugun ber. Adin batera helduz geroz, ongi zahartzea da jende
baten eginbidea, eta lan horretan sartzera noa. Zaharren zuhurtzia ez da naturak
ematen digun opari bat : egunero landu beharra dago. Arno txarrik ez omen da
behar bezala zahartzen. Beraz ozpinaren baztertzera lehiatu behar dut, inoren
ahoan, espirituan, urdailean erredurarik ez uzteko.
Gazteagoei mezurik erran behar banu, zer litzateke ? Lehenago zaharren
esperientziak anitz balio zuen, kasik dena hortik ikasi behar zen, beste gisako eskola
guti baitzegoen. Gaur ez dago ber heinean, mundua fite aldatuz baitabil. Zer mezu beraz? Bi hitz: zentzua eta esperantza. Zentzu ona, diploma gorena baino gehiago
da : zuen baitatik pentsa beti, ahal oroz ; eta ezin garaituzko esperantza beti atxik
bururaino !
Jean-Louis Davant
Maila: Euskara ikasleak
Nork: Jean-Louis Davant.2009/04/08
Gaiak:
hitzaditza2009
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2009/04/08
Bidean doa, zangoak pisu baina bihotza alegera. Jadanik mila kilometro beteak ditu
Istanbuletik abiatuz geroz. Teheran dauka helburu. Zer amets xoroa !
Hogeita lau urte ditu Gehexanek eta mundu zabala nahi du bisitatu, urratsean,
iduritzen baitzaio gisa horretan baizik ez daitezkeela herriak hobekienik besarka eta
jendeak hurbilagotik ezagut. Ttipi-ttipitik oinez ibiltzeko ohitura dauka, Baigorri
aldeko mendi xendretan gaindi bere aitaren ahuntzen ondotik ibiltzen zenetik...
Noizbait, bere osaba Mikelek Konpostelako bidean zituen zapatak higatu, Izuratik
Galiziaraino. "Zoragarria!". Osabaren bidaia horrek zion Gehexani berak ere bidea
hartzeko gutizia piztu. Haatik urrunagoko bat nahi zuen dastatu. Zergatik ez
Zetaren bidea, Asian gaindi, aspaldian Marco Polo veniziarrak segitu zuena
Txinaraino ? Haurra zelarik, hurrupatzen zituen Marco Poloren abenturak amaren
ahotik, oheratzerakoan !
Amaren malkoak haatik Miarritzeko aireportuan, Gehexan hegazkinez abiatu
delarik Istanbulera buruz ! Alabaina, Asia aldeko herrialdeak infernuaren pare
dauzka amak. "Seme, kasu emak, otoi, bide lanjeros horietan !". Amaren behako
aztoratua luzaz atxikiko du gogoan Gehexanek.
Jantziak izerdiz trenpan, bizkarreko zaku kargatuarekin sorbaldak tiran, eguzkiak
aurpegia beltzarandua, Gehexan aitzina doa, urraska, zangoak zapaten barnean
gostura, oinetakoen hastapeneko idorreria hura garaiturik eta lehen pintz haiek
ahantzirik. Iluna heldu baitzaio, urratsa luzatzen du.
Hara hantxet herri ttipi bat begi bistan. Han aurkituko duke aterbe, jateko eta lo
egiteko, arratsero gertatzen zaionaren gisa, hain dira Turkoak bihotz onekoak, halaber Kurdoak. Turko eta Kurdo elkarrekin direlarik haatik, zer kalapitak, bat
bertzearentzat begi izkineko zikin, katu eta zakur iduri ! Gehexanek gostukoak ez
dituen bakarrak hain zuzen zakurrak dira, kangal beldurgarriak, kabalen zaintzaile
bizkorrak, begiak eta hortzak zorrotz, hurbilegitik iragaten den gizagaixoaren larru
guria kroskatzeko prest...
Peio Jorajuria
Maila: 13-16 urtekoak
Nork: Peio Jorajuria.2009/04/08
Gaiak:
hitzaditza2009
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
Artikulu zaharragoak