Ikuskizunak
Koldo Amestoyek proposatzen duen ikuskizun baten izenburuan klik egizu dagokion aurkezpenaren ikusteko:
HARRIOLA MARRIOLA
Kondalari bakarlari
Publiko helduari zuzendua
Argazkia: Michel Eche
Euskal Herrian kontatzen da, artzain batek mendi batean aurkitu zuela harri zabal bat, belar gainean etzanik. Honen izkin batean grabatuta zegoen : "Itzuliko nauenari ez zaio damutuko..."
Koldok harri berezi honen inguruan eraiki du bere ipuin ikuskizuna.
Harlauza azpian zer izan daitekeen galderari erantzun nahiz, lurpeko mundu barneraino eramaten gaitu. Mitologiako pertsonai eta mitoen aterbe, beldurren eta ametsen iturri, leize batean topatu ditzakegun atzoko eta gaurko altxor gela,...
Hau guzia egiazkoa izan ala irudimenekoa, berdin da.
Eta bidai hau, lurgain hontako biziari begiradatxo bat emateko estakuru, aitzaki bat, besterik ez balitz ? Harri lauza, miraila zabala edo ispilu trikimailu bilakatuko litzaiguke orduan !...
ANETA BOKALEKO
Pantxix Bidartekin bikotean moldatu ipuin, kantu eta musika ikuskizuna
Publiko nagusiarentzako ikuskizuna
L'Adour en 1611 par Nicolas Flambergue - Archives de Bayonne - Cliché Laurent Védrine
"Bixintxoren arrantza-ontzian dago Aneta bere emaztea. Beraien haur ttikia besoartean lotan dauka, indar ezezagun batzuek gauaren gauean eramaten dituztela... Bidaiaren helmugan, ugarte bat, eta horko kobazulo baten sakonean ezkutaturik dago Sekretua. Bere semearen lainotasunak gerizaturik Anetak abentura frango berezia biziko du, Aturri ertzetik urrutiko ugarte haren bazter ezezaguneraino".
Gehiago jakiteko / alde teknikoa...
Euskal Kultur Erakundea eta Angeluko hiriaren partaidetzarekin
KONTU KANTARI
Pantxix Bidartekin bikotean moldatu ipuin, kantu eta musika ikuskizuna
Publiko helduari zuzendua
Argazkia: Michel ECHE
Ibarxolaz esaten da, ixtoriorik gabeko herria dela...
Baina, hurbilagotik begiratzen badiogu, sekulako pertsonai arraroak topatu dezazkegu, beren abentura berezietan gaindi nahigabean eraman gaitzaketeenak.
Oilar merkatari bat, eta gatu saltzaile bat, 113 logeletako hotel bat, golf bat bere 18 ziloekin... Kamioi gorri eta beltz handi bat, errepide bihurgunetsuegi batean, mendi altu baten aurrean geraturik dagola... Honentzako ere, aldi honetan, "etxerako bidea laburrena" izango dela dirudi...
Hemen, mendiaren erresistentzia indarra... eta kirikiño edo sagarroiarena aipatzen ari gara.
Berantago, petzeroaren ametsa : moraltasunik ez, oldarraldirik ez... Kondalariak eta petzeroak ematen baitigute soilki, ametsaren ahaletaz bi gogoeta egiteko parada, besterik gabe.
"KONTU KANTARI" musika eta hitzaren bi unibertsoak topatzen diren ikuskizuna da. Bikote lana baino, bi artisteen arteko joko bat da... Musika eta erritmoa ipuinean daudela, kantuan bezalaxe ; musika kontatzen hasten delarik, olerki bilakatzen baita...
Bere ipuinetan, Koldok beti uztartzen ditu bere sorkuntza propioa eta kontakizun herrikoia... Hitz salataria dauka, jendea aipatzen duena, izadia ere, eta erresistentzia modu bat oso berezia... Iñor enganatuko ez duen modu arin eta xumean.
Musikariak bere aldetik, hitzaren indarra eta... isiltasunarena kantatzen digula...
OLABEGIA
Kondalari bakarlari
Publiko zabalago batentzako kontaketa
Argazkia: Michel ECHE
Olabegia ? Ikusiak ikusirik eta entzunak entzunik, nolaz jakin dezakegu ba zutaz egia, Olabegia ? Ibarxola baino gorago dagoen Olabegia etxera ez da iñoiz herritarrik hurbiltzen. Sasiek inguraturik daukaten eraikin ilun horretan bizi dira alta, eta bertan lan egiten, hiru anai : ikazkina bata, meatzaria bestea eta arotza hirugarrena. Ibarxolarrek, betitik sekulako kontaketa-montaketa bitxiak hedatzen dituzte Olabegikoak aipatzerakoan… Horkoek gordetzen dituzten sekretuetaz eta hauen inguruan dabiltzan ustezko ixtorio-misterioetaz barra-barra ari direla...
Auzoaren etxea ilunegia iduritzen bazaizu eta auzokoa bera, doi bat itzalia,
Segur izan zaitez, ez dizunez lanbro zerbaitek begirada estaltzen, eta zure baitako argia indargabetzen !...
Eta holako gau ilargitsu batez Meatz eta Arotzek, burnizko barra luzea sorbalda gainean eta beste lau ttiki eskutartean, Ibarxolara jautsi ziren, herritarrei, lehen « tobera » eskaintzeko asmotan. Hortik aurrera, jende hauen arteko lehen juntaketak gertatzen hasi ziren, trukaketa moduan : Olabagikoek moldatu burdinkiak alde batetik eta Ibarxolarrek ekarri janari, edari eta hainbat puska bestetik. Biderditan, hortxe Munhoxolako ezki handiaren gerizapean...
BIDERDI
Kondalari bakarlari
10 urtetik goragoko publiko zabalari zuzendua
Argazkia: Michel ECHE
Herriko enparantza. "Lauhaizetara" plaza deitzen duguna. Guztiak hortik iragaiten dira, hainbat gurutzatzen, gizon, emakume, haur, bai eta ere batzutan, Lamina bat, goizeko eguzkiari iheska doana… Azeri kezkati bat... Moroi bat, gorputza odoletan... Jostun bat ere, sabela beteta...
Hortik pasako dira ere, urrutitik etorritako bidaiariak, bakoitzak berea dakarrela : Pongoaren ametsa, Kunku mutil gaztearen ixtorioa, arrain harrigarriaren kontakizuna, eta beste… Zeru goialdean zazpizarrak, "karru handia" ikusi arte...
Plaza hortara hurbilduko zaizkigu ere, Martintxo, Basajaun erraldoieri garialeak lapurturik, eta Xango dantzaria, ezkontza edo erromeria batera joateko beti prest dagona.
LUKITO
Kondalari bakarlari
8 urtetik goragoko haur "euskaraduneri" zuzendua
Argazkiak: Michel ECHE
Baga, Biga eta Higa, hiru axeri anai dira.
Lehena gozozalea da. Hainbeste mahats janik, ez da gehiago murru zilotik pasatzen ahalko.
Bigarrena sinesbera da. Sai baten buztanari loturik airean eramana izan da, eta....
Hirugarrena aldiz, maltzur eta argiena dugu, iduriz.
Bakar bakarrik abenturako bidean abiatuko da. Baina laster, bideko lagun baten bila hasiko ere...
BESTALDE...
Beste kontaketa modu batzu posible dira antolaltzea, hala nola : ibilaldi eta bisita kontatuak, ezohiko leku bat okupatzea, ikastaro, mintegi, edo edozein egonalditan kontaketa saioak,...
Argazkia: Michel ECHE
Koldo Amestoyek proposa lezake ere, « Graffit’hitz » deitutako ekitaldia : gertakizun berezi baten inguruan sorkuntza bat, bakarrik edo beste artista batzuekin eskaini dezakeen ekitaldia (erakusketa estreinatze, gertaera sinboliko eta zintzo, omenaldi, lekukotasun,...)

