AULKI HUTSA
JOSEBA SARRIONANDIA

marrazkia Lontxo Yriarte
Ikuskizun hunek, Joseba Sarrionandiaren izkribu zonbaiten josketa du oinarri.
Herbestetik itzuli ezina den gizon batek, bere itzulera amestu du. Herriko ostatuan egunkaria irakurtzen ari dela, tragoa eskaintzen digu. Eta beste bat, bakartasuna traitzeko estakuruarekin. Eta azkena bideko.
Denboraren mirailari so, distantziak markaturik, minak eta desirak berpizten zaizkio, umore beltza eta poesia lagun dituela. Musikari batek dantzari bihurtzen du edalearen egonezina, bere iritzi eta asmoek kantu debekatuen hitzak diruditela. Desterruan ondu den arnoa edateko gomita bat.
Ikuskizun hau, ostatu, gaztetxe, edo barra duen edozein gunetan eman litake.
Ikuslearekin harreman zuzena sustatzen da, denak trago beraren gomitak bailiran.
Jokoak, gaineratekoaren haritik, biluztasun egiati bat hartzen du helburu, ostatuetan atxemaiten diren eranskin zonbaiten desbideratze metaforikoa landuz (egunkari, ispilu, boteila...), errealismotik harantzago jotzeko.
Musikak, espazioa zabaldu eta denbora moldatuz, osotasuna ekartzen du.
Erronka nagusia, hitz-laxo horren barne ekintza atxemaitea da, antzerkiak ez dezan olerki irakurketa baten antza har.
Bapatekoaren lilura sortzeko, ikuslearekin begirada trukatzeak izan behar du hitz jario horren iturria, gure memoria kolektiboaren uretan barna.
Dramaturgia: Ander Lipus eta Manex Fuchs
Zuzendaritza: Ander Lipus
Antzezlea: Manex Fuchs
Musika antolatzailea: Jean-Christian “Xanki” Irigoyen
Musikaria: Battitt Elissalde
Argiztapena: Josep Duhau.
Le Petit Théâtre de Pain taldearen sorkuntza bat.




